Euskarazko helduentzako filmeen maiztasuna handituko dute Arraia-Maeztun

Mirian Biteri 2016ko ots. 6a, 08:00

Arraia-Maeztuko aurtengo euskarazko film eta ikus-entzunezkoen programa aldaketekin dator. Orain arte Arabako Diputazioaren eskaintzaren bidez bi film eskaini izan dira; bana umeentzako eta helduentzako. Bada, herritarren eskaerari erantzunez, maiztasuna handitzekotan dabiltza Euskara zerbitzuan.   

Aurrerantzean, Foru Aldundiaren eskaintzari, Filmazpit izeneko programak eta Argia aldizkariak eskainitako filmak eta ikus-entzunezkoak gehituko zaizkio. Euskara zerbitzuko teknikari Belen Garulok azaldu du udako hilabeteetan izan ezik, gainerakoetan hilero egongo dela zer ikusi: "Orain dela bizpahiru urte hasi ginen  helduentzako filmak eskaintzen, eta, jarraian, jendea erakartzeko asmoz, afaria egiten. Harrera ona izan duen ekimena da, eta hortaz, eskaintza handitzea erabaki dugu. Bi film izatetik bederatzi izatera pasako gara. Haurrek, berriz, bi izango dituzte".  

'Gazako zerria', lehena

Otsailaren 21ean emango diote hasiera egitarauari: Gazako zerria (Le cochon de Gaza) filma ikusi ahalko da, 17:30ean, udaletxean. Israeldar eta palestinarren arteko gatazkari begiratzen dio komedia horrek. Gazako Zerrendako bi aldeetako hiritarrekin egindako argazki-esperientzia baten ondoren hasi zen Sylvain Estibal kazetari uruguaitarra pelikula filmatzen. Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian 2013 urtean proiektatu zen tragikomedia honetan Gazako arrantzale palestinar batek txerri bat topatzen du sarean ekaitz baten ostean. Animalia ezpurua berehala gainetik kentzea erabakiko du eta saltzen saiatuko da bere egoera ekonomiko kaskarra hobetzeko nahigabe abentura harrigarri eta arriskutsuan murgilduz.
Martxoan emakumeen gaia jorratzeko asmoa dutela iragarri du Garulok. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide