Orain arte izandako eguraldiagatik behin baino ez dute martxan jarri Arabako Mendialdeko Neguko Zaintzarako zerbitzua. Azaroan izan zen hori; ordutik hona, lasai joan dira hilabeteak eta prest dauden baliabideak ez dira erabili behar izan. Aldaketa omen dator; ikusteko dago errepidera irten beharko diren edo ez.
Arabako Mendialdeko kuadrillako gerente Nuria Garciak jakinarazi du hitzarmena dutela sinatuta Diputazioarekin neguan eskualdeko errepideen sareko lanak antolatzeko eta kudeatzeko. 1997an sinatu zuten lehenengoa; hamar urte iraun zuen horrek; 2007an gaurkotutako bigarren hitzarmena sinatu zuten arte. Azkena joan den urteko maiatzaren 9ko data du. Horren bueltan, Garciak azaldu du edukiari dagokionez berdina dela, eta prezioak baino ez direla gaurkotu.
Izotza eta elurra
Neguan bideraragarritasuna bermatze aldera, bi lan mota aurreikusten ditu hitzarmenak: prebentzio-tratamenduak; elurteetan izotzari aurre egiteko gatza botatzean datza zeregin hori. Bestetik, elurra mara-mara botatzen duenean bideak libre izateko garbiketa lanak egitean datza bigarren tratamendua.
Guzti hori egin ahal izateko kuadrillak askotariko baliabideak ditu prest: trakzio bikoitzeko kamioia, aurrean elurra kentzeko makina duena, eta gatza banatzeko tobera, atzean; eskualde osotik sakabanatuta dauden 13 traktore; eta elurteak daudenean zerbitzua behar bezala antolatzeaz eta kontrolatzeaz eta Diputazioak eskatutako informazioa eskaintzeaz arduratuko diren bi koordinatzaile. Azken zerbitzu hori 24 orduz dago funtzionamenduan, eta hortaz, txandaka egiten dute lan koordinatzaileek.
Azazetako errepidea
Garciak eskualdearen izaera orografikoa nabarmendu nahi izan du gogoraraziz batezbesteko altitudea 600 metrokoa dela eta konplikatu samar diren Azazeta eta Opakua mendateak dituztela. Hori kontuan izanda, bederatzi zonaldetan dituzte banatuta lanak. Honakoa adierazi du gerenteak: "Beste kuadrilletatik bereizten gaituena da zonaldeak lehentasunaren arabera ditugula bereizia. Gasteiz eta Santikurutze Kanpezu lotzen dituen A-132 errepideak du lehentasuna gurean; saiatzen gara 24 orduz izaten garbi, eta kamioia eta koordinatzailea ditugu han. Bide hori libre dagoenean gainerakoetara doa kamioia".
Bestelako zonaldeetan traktoreak ibiltzen dira, hala nola, Santikurutze, Bernedo edo Lagran lotzen dituzten errepideetan, Urizaharra inguruan dauden bideetan, Santikurutze eta Agurain artekoan, Roitegi eta Opakua edo Maeztu lotzen dituztenetan edo Harana, Arluzea, Markinez, Okina edo Otazu aldean dabilenak. Hitzarmenak dio 08:00etatik 18:00etara dela azken horien ordutegia. Garciak, baina, azpimarratu du traktoreek beharraren arabera egiten dutela lan.