Asteburu honetan, otsailaren 4an eta 5ean, Dulantzik zaindariaren ohorez San Blas azoka ospatuko du jai giroan. Festari hasiera emateko, larunbatean, 13:00etan, kale animazioa izango da herriko Kale Nagusitik zehar, Follon-Formales kuadrillako kideek bertaratutako guztien artean pintxoak banatzen dituzten bitartean.
Jaiak arratsaldean jarraituko du, 20:00etan, alde zaharrean; Baralde txaranga arduratuko da musika animazioaz.
Igandean, bestalde, 10:00etan, musikaz girotutako elikagaien eta eskulanen azoka izango da herriko plazan eta alde zaharreko kaleetan. Inguruko zein kanpotik etorritako artisauak hurbilduko dira euren produktuak saltzera.
Familia ikuskizuna
Eta, azkenik, ekintzez beteriko asteburuari amaiera emateko, haurrentzako antzerkia izango da. Kiki, Koko eta Moko pailazoek Natura gara ikuskizuna eskainiko dute, herriko plaza ondoan dagoen Txema Blasco antzokiko taula gainean. Familiako kide guztieei zuzenduta dagoen antzerki honetan protagonistak natura eta bertan bizi diren izakiak ongi zaintzearen garrantziaz arituko dira, besteak beste, malabareak egin, dantzatu edota zuzenean musika jotzen duten bitartean. Ikuskizun honetarako sarrerak kultur etxean salgai egongo dira, 2 euroan.