alea.eus

Hileta zibilak egiteko araudia onartu dute Zalduondon

Anakoz Amenabar 2017-01-27 11:31   Gizartea  Lautada  Zalduondo

Aurrerantzean, udaletxean baimena eskatuta, hileta zibila antolatzeko areto eta baliabideak herritarren eskura jarriko dituzte.

 

Hileta zibilak egiteko araudia onartu dute Zalduondon
Araudi berriari esker, Udalaren aretoetan egin ahal izango dira hiletak./ Alea | Ikusi handiago | Argazki originala

Gasteiz, Amurrio eta Laudion badira hileta zibilak egin ahal izateko araudiak, ez ordea herri txikietan, eta bide horretan ate bat irekiko du Zalduondok. Abenduaz geroztik, herrian hileta zibilak egiteko araudia dute abian, Udalak dituen baliabideak horretarako prest. 

Gustavo Fernandez Villate alkateak eraman zuen hileta zibilen inguruko proposamena udalbatza batera oposizioan zela, 2013an, baina atzera bota zuen garaiko udal gobernuak. Orain, alkate dela, ekinaldia berreskuratu eta onartu egin dute araudia. "Araudi arrunt bat da, baina berezitasuna da herri txikia dela gurea, landa eremukoa, eta bidea ireki dezakeela", azaldu du. Herritarren bat hiltzen denean ohikoa izaten da, Fernandez Villatek gogoratu duen moduan, hileta elizkizunetan batzea, baina sinesdunak ez diren lagunentzat tokirik ez dela nabarmendu du. "Halako agur bat egin nahi denean mendian egiten da, edo tanatorioan, baina uste dugu badela aukera aproposagorik".  

Udaleko aretoak, eskura

Abenduan onartutako araudiak aukera hori bermatu nahi du, hileta zibila antolatu nahi duenak horretarako aukera izatea. Udaletxean baimena eskatzearekin nahikoa izango da aurrerantzean; bertako baliabideak izango dira herritarren eskura –60 bat lagun sartzen diren pleno aretoa edota handiagoa den erabilera anitzeko aretoa, proiektorea eta bestelakoak–. Gizartea aldatzen ari dela gogoratu dute Udaletik, eta gero eta ohikoagoak direla tradizionalak ez diren hileta ekitaldiak, horregatik, herritarren eskura utzi nahi dute modu batera edo bestera egiteko aukera. "Nire adineko jendearen artean, adibidez, nabari nuen bazela kezka bat, eta noizbait beharko balute gustatuko litzaiekeela halako araudi bat prest izatea", nabarmendu du Fernandez Villatek.

Hileta zibilen aurrekariak

Araudia osatzeko garaian, halaber, udal gobernua konturatu da Zalduondon ez direla eurak aitzindariak izan. Angel Txasko herritarrak gogoratu  zien moduan, hileta zibil bat izan zen Errepublika garaian, hark etxean entzunda zuen moduan. "Txaskok entzuna zion aitonari Felipa izeneko  Araiako emakume bati hileta zibila egin ziola Emiliano bere senarrak Zalduondon; hark kontatutakoa erregistroan konprobatu ahal izan dugu eta bat dator esandakoarekin", azaldu du alkateak. Hain zuzen, garai hartako Udalak gehiengo errepublikarra zuen, beste herritar batek igorritako informazioari esker. "Eta datu hauekin nolabait indar handiagoa hartu du guk proposatutako araudiak; garai batean pauso hori eman zutela jakiteak bultzada eman digu gurea aurrera ateratzeko".

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa