alea.eus

Aguraingo hirigintza plan berriak natura eremuak babestearen alde egiten du

Naiara Lpz de Uralde 2017-01-12 09:58   Gizartea  Lautada  Agurain

Planak etxebizitza kopurua murriztu du, herri txikien hiriguneak babestu nahian. 

 

Aguraingo hirigintza plan berriak natura eremuak babestearen alde egiten du
Aurten indarrean jarriko den HAPOk nekazaritzarako erabiltzen den lurzoruaren okupazioa gutxitzea saihestea bilatzen du. | Ikusi handiago | Argazki originala

Arabako Foru Aldundiko Ingurumen eta Hirigintza Sailak behin betiko onartu du Aguraingo hiri antolamendurako plan orokor berria (HAPO). Plan honen helburu garrantzitsuenen artean, besteak beste, lurzoru ez urbanizagarrian egin nahi diren eraikuntzak murriztea daude, Entziako mendiak eta Iturrieta-Entziako aldapak osatzen duten paisaiak babestea, edota Pedroko hezegunearen zonaldea ingurumen babes handieneko eremuan sartzea. 

Ildo beretik, hiribildutik 500 bat metrotara dagoen Oriamendi parkea ere handitu nahi du, bertan, inguruneko berezko landare espezie taldeak finkatu ondoren, habitat naturalizatuak sortarazteko. 

Eredu jasangarriaren alde

Orain arte indarrean egon diren 1995eko arau subsidiarioak ordezkatuko dituen plan orokor honek lurralde eredu jasangarri baten alde egiten du. Foru Aldundiaren esanetan, nekazaritzarako erabiltzen den lurzoruaren okupazioa "nabarmen gutxitzea" ekiditen saiatuko da, baina beti ere, iraunkortasuna eta dauden ur-baliabideak oinarrian hartuz. 

Aldi berean, Diputazioak 2011. urtean ezarritako zehaztapenak betez, hasiera batean aurreikusitako etxebizitza kopurua nabarmen jaitsi da; 2.338tik 1.059ra, hain zuen ere. Horregatik, sailkapenetik atera ditu lehenago Arrizabalaga, Alangua eta Egileor herrietan proposatutako hirigintza eremuak, bertako hiriguneak babesteko helburuarekin. 

Hala ere, ateratze hori orekatu nahian, guneetako eraikuntza dentsitatea handitu da lurzoru berriak ez erabiltzeko, eta era berean, dauden etxebizitza edota etxolen itxura-berritzea sustatzeko. 

Bestalde, Agurain mendebaldeko Lautadako herri nagusi gisa sustatzea ere bilatzen du. Horretarako, barne bideen egitura definitu nahi du, eskualdearekin lotuneak indartzeko, eta baita oinezkoen ibilaldiak sustatzeko. 

Honekin batera, herritarren beharrizanak asetzeko modukoak diren kirol eta kultura ekipamenduak ere ezarri gura ditu.

Industria lurzorua

Hirigintza plana berriak tinkotu egiten du udalerriak industriako hiri lurzoruan dituen 236 hektareak, eta sektorizatutako lurzoru urbanizagarriko 24,84 hektarea gehiago proposatzen ditu Litutxipi eta Galzarreko industrialdeetan. 

Gainera, 30,92 hektareako lurzoru erreserba uzten du sektorizatu gabeko lurzoru urbanizagarriaren garapenerako. Hala ere, eremu horiek garatu ahal izateko, kasuan kasuko plan partzialak egin eta onartu beharko dira. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa