alea.eus

Esperantzaren eskolarako materiala jasoko du Lautada Bero elkarteak

Naiara Lpz de Uralde 2016-12-15 09:54   Gizartea  Lautada  Agurain

Bilketa Araian, Agurainen, Dulantzin, Ozetan eta Maeztuko egingo dute, horretarako egokitu diren hainbat txokotan  

 

Esperantzaren eskolarako materiala jasoko du Lautada Bero elkarteak
Lautada Beroko kideak aurreko kanpaina batean bildutako materiala kamioian sartzen. | Itziar bartolome | Ikusi handiago | Argazki originala

Lautada Bero elkarteak Greziako Skaramagas herrian sortu den The Hope School edo Esperantzaren eskolako haurren eskolaratze eskubidea bermatzeko laguntza kanpaina bat abiatu du. Egitasmo honen bidez, eskolarako beharrezkoa den materiala jasotzeaz gain, Atenas inguruko errefuxiatuen hainbat kanpamentutan banatzeko oinarrizko jaki eta produktuak ere biltzeko asmoa dute. 

Bilketa urtarrilaren 28ra arte egingo da Araia, Agurain, Dulantzi, Ozeta eta Maeztuko hainbat lekutan utzitako kutxetan, eta material guztia SOS Refugiados taldearen koordinazio sarearen bitartez helaraziko dute Greziara, kontenedore batean. Garraio hori ordaintzeko, ordea, itsulapiko batzuk banatu dituzte Lautadako hainbat taberna eta komertziotan. 

Kanpainaren abiapuntua

Udan elkarteko kide batek Grezian egindako Open Border izeneko nazioarteko topaketan parte hartu zuen, eta bertan kanpalekuen egoera ezagutzeaz gain, Skaramagas portuko The Hope Schooleko antolatzaileekin biltzeko aukera izan zuen. 

Ordutik, elkarteak eskolarekin harreman zuzena izan du, eta kanpaina honetan jasoko duten material guztia haien beharren araberakoa izango da, azaldu dutenez.

Lautada Bero elkartea mezu azkar batek eragindako konfusio batetik jaio zen. "Urte hasieran whatsapp bat iritsi zitzaigun Greziara arropa bidaltzeko eskatuz. Jendeak bilketa Agurainen egiten zela uste zuenez, guk ere deialdi horretara gehitzea erabaki genuen", azaldu du elkarteko kide den Itziar Bartolomek. 

Bizilagunen erantzuna ikusirik, hasierako lan horri jarraipena eman behar zitzaiola adostu eta apirilean elkartea modu formal batean sortu zuten. 

Geroztik, hainbat ekintza egin dute Grezian edota gure artean bizi diren errefuxiatuen egoera ezagutzera emateko. "Maiatzean egindako jardunaldietan, esaterako, hango kanpamenduetako bizimoduaz aritu ez ezik, hemen bizi diren iheslariak ere gonbidatu genituen euren bizipenak kontatzeko", argitu du Bartolomek. 

Sentsibilizazio kanpainak

Orain arte egindako kanpaina guztietara talde desberdin ugari hurbildu zaizkie haien laguntza eskainiz. "Elkartasun keinu asko sumatzen ari gara, eta hori guretzat oso indargarria da", onartu du. 

Hala ere, Lautada Beroren erronka nagusia biztanleriak errefuxiatuekiko duen sentzibilizazio maila handitzea da. "Politikariek babesik gabeko pertsonen egoera hobetzea nahi baldin badugu, gai honek gizartearen inplikazio maila sakonagoa behar du", gaineratu du Bartolomek. 

Horregatik, umeen kontzientzia handitu nahian, abuztutik daramate eskoletan banatuko duten unitate didaktiko bat prestatzen. "Unitate didaktiko honen helburuetako bat hemengo haurrak eta kanpalekuetan dauden umeen arteko harreman zuzena bideratzea izango da, bai gutunen bidez, bai bideoak zein argazkiak elkar trukatuz", azaldu du.

Modu horretan, umeek, besteak beste, giza eskubideak, iheslarien bizitza gogorra, edota migrazioaren arrazoiak landuko dituzte. "Dagoeneko hainbat ikastolarekin harremanetan jarri gara, eta momentuz, Araiatik eta Aguraingo Lope de Larreatik baiezkoa jaso dugu", azaldu du pozik Bartolomek.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa