alea.eus

"Egitasmoak herriari eta euskarari bizia ematen die"

Naiara Lpz de Uralde 2016-12-05 09:56   Euskara  Lautada  Barrundia

Kontxi Jimenez Villanueva, egitasmoaren antolatzailea. Duela lau urte Barrundiako Udalak Ei Txo kanpaina abian jarri zuen udalerriko herri txikietan ere euskararen alde egiteko. 

 

"Egitasmoak herriari eta euskarari bizia ematen die"
Kontxi Jimenez Villanueva, Ei Txo kanpainaren antolatzailea. | Naiara Lpz de Uralde | Ikusi handiago | Argazki originala

Zertan datza Ei Txo izeneko kanpaina?

Gure hizkuntza sustatu nahian, urtean behin Barrundiako herrietan bertako bizilagunen artean euskarazko ekintza bat antolatzen da. Lehen Udalak berak abenduaren 3an, Euskararen Astearen barruan, festa bakarra ospatzen zuen, baina jai horretara jende asko gerturatzen ez zenez, kanpaina hau abiatu zuen. 

Zeintzuk dira ekintza batek bete behar dituen baldintzak?

Baldintza bakarra ekintza euskaraz izatea da. 300 eurotako aurrekontuaz baliatuta, Udalak askatasun osoa ematen digu arduradunei gure herrietan zer egingo den erabakitzeko. 

Barrundiako zenbat herrik hartzen du parte?

Udalerriko edozein herrik hartu dezake parte kanpaina honetan, eta urtearen arabera kopurua aldatzen bada ere, normalean bederatzi herri inguru izaten gara. Horietako batzuk taldeetan elkartzen dira guztien artean ekintza bera antolatzeko.  

Orain arte zeintzuk izan dira Audikanan antolatu dituzuen ekintza desberdinak?

Lehenengo urtean xaboiak eta kandelak egiten ikasteko tailerrak antolatu genituen; bigarrenean, okin batek ogia egiten erakutsi zigun; iaz artileekin eskulan batzuk egin genituen; eta aurten, Kangoo izeneko kirol ekintza dibertigarriarekin izerditan blai bukatu dugu.

Eta ekintza horietatik zein izan da arrakastatsuena?

Guztietan oso ongi pasatu dugu, baina agian adin desberdinetako jende gehiago mugitu dituztenak ogi-tailerra eta Kangoo-a izan dira. 

Kanpainaren emaitza ikusita, datorren urtean egitasmoa antolatzen jarraituko zenuke?

Bai, noski. Guretzat egitasmo hau aukera paregabea da herriari bizia emateko, eta baita inguruko bizilagunekin elkartu eta ongi pasatzeko ere. Gainera, oso garrantzitsua iruditzen zaigu Audikana bezalako herri txikietan ere euskararen alde egitea. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa