Hondakinen kudeaketa "trabatuta" dago Araian

Anakoz Amenabar 2016ko aza. 17a, 16:51
Joan den astean hondakinak birziklatzeari buruzko jardunaldiak izan zituzten. /Alba Muñoz

Birziklatzearen garrantziaz kontzientziatzeko zailtasunak daudela adierazi dute Udaletik.

Ez atzera, ez aurrera. Hondakinak hobeto kudeatu eta birziklatzeko Asparreneko Udaletik egindako ahaleginak ez du herritarren aldetik espero zuten erantzunik izan. "Pausoak ematea zaila izaten ari da. Trabatuta gaude. Kontzientziatuta dagoen jendearengana heldu gara, baina hortik aurrera oso gutxi", adierazi du ingurumen teknikari Alba Muñozek.  

Hondakinen kudeaketa nola egiten den ezagutu eta norbera, etxetik hasita, kontzientzia hartzeko helburuarekin, hiru eguneko jardunaldiak antolatu zituen Udalak joan den astean. Hiru Mugak Batera plataformako kideak izan ziren hilaren 10ean, kontsumo ohiturek sortzen dituzten hondakin kopuru handien inguruko hizketaldiarekin. "Batez ere, porlan lantegiek eta erraustegiek sortzen dituzten arazoak ezagutu genituen: ingurumenean, osasunean… eta erabiltzeko dauden interesak, hondakinekin negozioa egiten dutenak baitaude", azaldu du Muñozek. 

Praktika

Hurrengo egunean, hilaren 11n, berrerabilera lantegia izan zuten; arrautz-kutxekin panpinak egin zituzten, eta plastikozko poltsekin kakorratz lanak, besteak beste. Eta, larunbat goizean,  materia organikoaren kudeaketan esperientzia handia duen Joseba Sanchezek hitzaldia eskaini zuen. "Beste herrien kudeaketa ezagutu genuen, eta Asparrenean ere posible dela ikusi; gure materia organikoa udalerrian kudeatzea posible dela eta ereduak badaudela eskura".  

Jarduera hauetan parte-hartze eskasa izan bazen ere, eta pausoak ematea "zaila" dela onartu arren,  "aurrera" jarraituko dutela iragarri du Muñozek.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide