Burdin herdoilduak

Naiara Lpz de Uralde 2016ko aza. 17a, 09:55
Egun, lantegiaren ingurua guztiz utzita eta egoera txarrean dago. JON AGUIRRE DELGADO

Asparreneko Udalak Ajuria eta Urigoitia lantegiaren ingurua eraberritu nahi du, herriko historiaren zati garrantzitsu bat galdu ez dadin.

 

Harrobi ikaragarriak, egur aberastasun handia eta Zirauntza ibaiaren iturburua. Lautadako beste nekazal herrietan gertatu ez den moduan, industriak aurrera egiteko zonalde egokia izan da Araia betidanik. Beharrezkoak diren lehengai guztiak eskura zituela, Aizkorri Aratz parketxearen sarreran probintziako burdinola ezagunetariko batek bide arrakastatsua egin zuen luzaroan. Araiako San Pedro lantegia, gero Ajuria eta Urigoitia bihurtuko zena,  1847. urtetik 1985. urtera, metalurgiako beste enpresa askoren aitzindaria izan zen. 

Gaur egun, ordea, erortzear dauden hormak eta hortik sakabanatuta dauden burdin herdoilduak besterik ez dira geratzen burdinolaren inguruan. Lantegia Kuwaiteko talde baten esku eta hartzekodunen konkurtsoan dago; hala ere, Udalak zenbait mantenu-lan egin du, sor daitezkeen arriskuak saihesteko. "Badakigu egoera tamalgarri batean dagoen herentzia dela, baina lantegia Araiako historiaren funtsezko atal bat da, eta ez dugu hori desagertzea nahi", adierazi du Txelo Auzmendik, Asparreneko alkateak. 

Berreskuratze plana

2001ean zentral hidroelektrikoa berriro martxan jarri bazuten ere, ez zen 2012. urtera arte izan berreskuratze plan honi ekin ziotenean. "Duela lau urte, Udalak Eusko Jaurlaritzari ingurua interes industrialeko zonalde sailkatu zezan eskatu zion, baina oraindik ebazpen horren zain gaude", azaldu du Auzmendik. 

Hala ere, urte hauetan zehar ez dira geldirik egon, eta Paisaiaren akzio plana ere egin dute zonalde batzuk zatika berreskuratzen hasteko. "Inguruaren kutsadura mailaren azterketa ia bukatuta dago, eta berari esker, toki eta bidexka guztietatik zepa asko egon arren, zorionez, lurzorua oso kalteturik ez dagoela dakigu", azaldu du Auzmendik. Dena dela, eskatutako diru-laguntza lortuz gero, hurrengo pausua zonaldea guztiz garbitzea izango da. "Gauza batzuk egin diren arren, oraindik lan handia dago egiteke, baina egia da interes industrialeko zonalde moduan sailkatzeak asko lagunduko lukeela", esan du Auzmendik. 

Aurrekariak

XIX. mendearen erdialdean, beharrezkoak ziren lehengai guztiak bertan zeudela ikusita, kanpotik etorritako burges talde bat inguruko ur-baliabideez jabetu zen eta burdingintza lantegia sortu zuen, Urigoitia familiaren burdinola zaharra zegoen ondoan. Handik urte gutxira, lantegi hori ere urigoitiarren eskuetara pasa zen, eta hauek berrikuntza ugari jarri zituzten martxan, Araiakoa beste burdinolen eredu bihurtu zela. 1895ean, adibidez, ibaiaren iturburuan presa bat eta bi ubide eraiki zituzten eremuko baliabide hidraulikoei etekin handiagoa ateratzeko. "Ubide batek ura zentral elektrikoraino garraiatzen zuen bertan energia sortzeko; eta bestea, ordea, lantegiraino iristen zen", azaldu du Auzmendik. Gainera, 1906ean estatu osoko indukzioko lehen labe elektrikoa ezarri zuten bertan. 

Baina, Urigoitia jaunak alaba bakarra izan zuen, eta emakumezkoek enpresa munduan sartzea ia debekatuta zutenez, ajuriatar batekin ezkondu zen, Auzmendik gogioratu duenez, "senarra lantegiaz arduratu zedin".  

 

Irakurri elkarrizketa osoa ALEA aldizkariaren 83. zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide