Abiapuntua baino ez da

Anakoz Amenabar 2016ko aza. 3a, 17:44
Hainbat saltzailek egin dute bat egitasmoarekin. /Alea

Euskaraz 75 ordu bizitzeko erronka dute Agurainen datorren astean; hizkuntza eskubidea aldarrikatu eta herriko txoko guztietan euskara entzun dadin konpromisoa hartu dute dozenaka herritarrek.

 

 

Maiatzean aurkeztu zuten erronka, eta iritsi da 75 ordu euskaraz bizitzeko saioa. Datorren asteartetik ostiralera bitartean, hilaren 8tik 11ra, Aguraingo herriko txoko guztietara eraman nahi dute euskara, jarduera ezberdinetara, egunerokora. "Helburua da hizkuntza eskubideak aldarrikatzea jarrerarik positiboenean, pertsonaren ezagutza gora-behera, eta aktibazio hori lortu dugu hitzaldi, ikastaro eta ekimen desberdinen bidez", azaldu du ekinaldiko sustatzaile Amaia Gartziak. Hamaika lagunek egin dute bat egitasmoarekin hasieratik eta, lau egunez harago, aurrerantzean jarrera aldaketa bat izan daitekeela uste dute antolatzaileek. 

Euskararen erabilera eta sustapena orain arte ekintza ludikoekin eta ospakizunekin lotu izan badira ere, Agurainen ez da jairik izango lau egun horietan. Euskaraz "askatasunez eta konplexurik gabe" egiteko apustua izango da, taberna, lantoki eta saltolkietara zabaldu nahi dutena. "Hasiera txupina bota eta hortik aurrera konpromisoa hartu dutenen esku izango da", aipatu du Gartziak. Eta ez dira gutxi izango, 116 eragilek hartu baitute konpromiso hori, saltoki, enpresa eta bestelako taldeak tartean.    

Eurengana heltzea izan da maiatzaz geroztik egindako beharrik  zailena, Asier Lafuente sustatzailearen esanetan: "Hasieran kezkatuta geunden izango genuen erantzunaren zain, baina benetan oso emankorra izan da, erantzun positiboak izan dira gehienetan". Hainbat lagun izan dira, atez ate, eragile guztiei bisita egin eta asmoa azaltzen. "Pedagogia soziala egin dugu; parte-hartzaileei gomendioak eman dizkiegu, egoera desberdinen aurrean nola joka dezaketen jakiteko, eta horretarako bideoak, informazio kartelak eta bestelakoak prestatu ditugu".

Bide arrakastatsua

Datorren asteko ekinaldiaren zain, bidea bera "arrakastatsua" izan dela nabarmendu du Lafuentek, herritarren arteko konplizitatea agerian utzita: "Gozamena izan da bidea, eta  aurrera egiteko beharrezko bultzada". Aurreikuspen guztiak gainditu dituzte, parte-hartzaile kopuruari dagokionez, eta halako ekinaldi bat egiteko "gogoa" bazela azpimarratu dute. Hala, euskara mahai gainean jartzearekin batera, egitasmoarekin erdaldunei "mezu ausarta" bidali dietela uste du Lafuentek: "Alde egotea erabilera erraztea dela goratu diegu, ulertzeko saiakera egitea beharrezkoa dela, aktibo izatea... mezu ausarta da, baina uste dugu beharrezkoa dela euskarak gurean aurrera egingo badu".

Lau eguneko ekinaldia "abiapuntua" baino ez dela gogoratu du Gartziak, eta dagoeneko haren eragina  nabari dela dio: "Nire kasuan, esate baterako, ama euskara ikasten hasi da duela urtebete eta hau bezalako ekimenek mintzapraktikatik kanpora ere euskara erabiltzera animatzen dute, eta nik neuk ere konpromisoa hartu dut horretarako". 

Hartutako konpromisoak betetzen dituzten laster jakingo dute.  Ez dute jarraipen zorrotzik egingo, baina konpromisoa hartu dutenek euren egunerokoa idatziko dute, euskararekin izan duten esperientzia jasotzeko. "Horren arabera balorazio bat egingo dugu amaieran, eta izan daitezkeen hutsuneak aztertuko ditugu, aurrerantzean neurriak hartzeko". Erronka amaitutakoan, amaiera ekitaldi bat egingo dute. Erronkak, ordea, hilaren 11tik aurrera ere jarraituko duela nabarmendu dute, "hasiera" baino ez delako.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide