alea.eus

Barrundiako historia eta usadioak bildu dituzte

Naiara Lpz de Uralde 2016-11-03 10:48   Gizartea  Lautada  Barrundia

Udalerriko bizilagunek gogotsu hartu dute Ricardo Cierbide filologo nafarrak egindako lana.

 

Barrundiako historia eta  usadioak bildu dituzte
Larreako dorretxea, "El Bolo Baserria" moduan ere ezaguna, Lazarragaren bizilekua izan zen. | G. LPZ DE GUEREÑU | Ikusi handiago | Argazki originala

Barrundia inguruko paisaiarekiko sentitzen duen maitasunak eraman zuen Ricardo Cierbide Martinena filologo nafarra Barrundiako herrien ermandadearen historia izeneko liburua argitaratzera. "Lurralde honen historia kontatu nahi nuen, gaur egun bertan bizi direnek ezagutu, eta aldi berean, haien arbasoek egin zuten moduan, beren lurra zaindu eta maita dezaten", adierazi du Cierbidek. 

Arabako lurralde honekin, halaber, "zorretan" zegoela sentitzen zuen, "1979. urtean lana dela eta nire familiarekin hona bizitzera etorri nintzen momentutik bertatik, oso ongi hartu gintuztelako", esan du Cierbidek.  

Liburuan, besteak beste, udalerriaren sorrera, bertako familia garrantzitsuen eta jauntxoen deskribapena, euskarak XVI. mendetik izandako ibilbidea, sorginen presentzia edota jai herrikoien nondik norakoak azaltzen ditu. Gainera, Gerardo Lopez de Gereñuk antzinean egindako argazki batzuk ere bildu ditu. 

Ipuin bat baino gehiago

Filologoak urte oso bat eman du dokumentazioa bilatzen eta liburua idazten. "Ez nuen ipuin soil bat kontatu nahi, lurralde honen historiaren baitan sakontzea zen nire helburu nagusia", adierazi du. 

Gauzak horrela, besteak beste, Arabako Unibertsitate Campusaren Liburutegia, Arabako Artxibo Historikoa, Antso Jakituna Fundazioaren liburutegia, edota Barrundiako udal artxiboa bisitatu ditu. Horretaz gain, udalerriaren hainbat biztanlerekin ere elkarrizketatu da, haien bizimodua nolakoa zen ezagutzeko. "Ikerketa lanak egiten ari nintzela, beste bizilagun bat banitz moduan hartu ninduten", onartu du. 

Bestalde, lan honekin udalerria "oso zainduta" dagoela ere azpimarratu nahi izan du. "Inguru honetatik harritu ninduen beste gauza bat eraikin berriak landa ingurua errespetatuz egin direla da", esan du Cierbidek. 

Lazarragaren lana

Euskarak Barrundia mailan izandako presentzia aztertzerako garaian filologoarentzat Lazarragarenlana arakatzea ezinbestekoa izan da. "Joan Perez Lazarraga, Poeta ezizenez ezaguna, Larreako dorretxean bizi izan zen 1605. urtean hil zen arte", azaldu du Cierbidek. 

Familia oneko gizon honen obrarik garrantzitsuena Lazarragaren eskuizkribua da, eta gehiena euskaraz idatzita dago. Hemen, bertsoak, kantak eta maitasun istorioak  biltzeaz gain, garai hartan gogoko zuten artzai-ipuin bat ere dago. "Eskuizkribua oso garrantzitsua eta baliagarria izan da XVI eta XVII. mendeetako euskararen ezagutza orokorrerako, eta batez ere, Araban hitz egiten zen euskalkia aztertzeko", adierazi du.

Harrera paregabea

Liburua idatzita zuela, diru-laguntza eske jo zuen Administraziora, baina leku guztietatik ezezkoa jasotzerakoan bere poltsikotik ordaintzea erabaki zuen. "Lagun batek maketazio lanekin lagunduko zidala esan zidan, eta nik unibertsitateko kopia-dendaren arduradunarekin hitz egin nuen, inprimaketa eta koadernaketa lanek zenbat balio zuten jakiteko", azaldu du. Modu horretan, azkenean herritarrentzat 100 ale argitaratzea erabaki zuen. 

Barrundiako bizilagunek, ordea, gogotsu hartu dute liburu honen aurkezpena, eta oso pozik agertu dira filologo nafarrak egindako lan guztiarekin. "Herri honek eman didan harrera izugarria izan da, ez nuen halako berotasunik espero inondik inora", esan du Cierbidek. 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa