Kuadrillako emakumeen bizipenak entzungo dituzte Lautada Egunean

Naiara Lpz de Uralde 2016ko urr. 27a, 10:29
Pasa den urtean Ozetan ospatutako festara inguruko herrietako bizilagun asko gerturatu zen.

Inguruko herri guztien arteko kohesioa eta elkarlana bilatzen duen jaia ospatuko dute igande honetan Agurainen.

 

Burgu eta Ozetaren ostean, aurtengoan Aguraingo herriari egokitu zaio Lautada Eguneko egoitza izatea. Arabako Lautadako Kuadrillak eta Lautadako Landa Garapen Elkarteak antolatutako jai honek bertako kultura, gastronomia eta turismoa sustatzea du helburu; aurten, gainera, bertan bizi diren hainbat emakumeren egunerokoa gerturatuko dute. 

Dagoeneko hiru urte daramate Lautada osatzen duten herri guztien arteko loturak estutzea helburu duen jai hau ospatzen, eta gehienbat inguruko bizilagunen parte-hartzea bilatzen badute ere, bisitariak ere hango produktuak ezagutzera gonbidatu nahi dituzte. 

Oraingoan ere, adin desberdinetara zuzenduriko ekintza ugari antolatu dituzte. Eguna herritik zehar egingo den Nordic Walking irteera batekin hasiko da. Ibilaldia Lezao kiroldegitik abiatuko da 08:30ean, eta 90 minutuko iraupena izango du. 

Ondoren, 10:00ak aldera, egun honetako ardatza izango den nekazal ekoizleen eta eskulangileen azokari hasiera emango diote. Bertan, bisitariek Lautadan hazi edota ekoitzitako produktu asko topatuko dituzte; besteak beste, babarrunak, patatak, garagardoak, txerrikiak, gaztak, garaiko barazkiak, edota eskuz landutako zilarrezko, egurrezko zein buztinezko lanak.

Jarraian, 10:30ean, San Juan plazatik alde zaharrean murgilduko den bisita gidatua izango dute. 

Solasaldiak

Emakundek ere egun honetan presente egon nahi du Arabako Lautadako Kuadrillako emakumeen bizipen baikorrak izeneko jardueraren bidez. Autobus ibiltari batean Barrundiako emakumeei ateratako argazkien proiekzioa eskaintzearekin batera,  hainbat emakumeren bizipenak entzuteko aukera izango da; Ainhoa Alonso nekazari ekologikoa eta Eva San Pedro kazetaria arituko dira hizlari. 

Bestalde, Lautadako abesbatzen topaketa izango da San Juan elizan. Donemiliaga-Barrundia, Asparrena, Burgu, Dulantzi eta Aguraingo abesbatzek, banaka abesteaz gain, elkarrekin abesti bat eskainiko dute.

Slow Food elkarteak oraingoan ere jaian parte hartuko du, tailer baten bidez etxeko txikienei sukaldean ongi aritzearen garrantzia erakusteko asmoarekin eta helduei ere "zaporeen laborategia" izeneko saioa prestatuta. 

Zabalarte etxean, beste alde batetik, Iñaki Bolunburu argazkilari aguraindarraren Gertura begira izeneko erakusketa aurkeztuko dute 12:00etan. Lautadako txoko desberdinetan ateratako irudien bildumaz gozatu ahal izango dute bisitariek.

Azokan zehar, txokoz txoko, arituko diren bertsolariekin, kanpaijoleen topaketarekin eta luntxarekin amaituko dute Lautada Eguna.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide