Azaroan ekingo diote Literatur Txokoari

Naiara Lpz de Uralde 2016ko urr. 20a, 11:23
Bilbao-New York-Bilbao lana irakurri ondoren, Kirmen Uriberekin solasaldia egin zuten.

Udako etenaldiaren ostean, azaroan berriro elkartuko dira Aguraingo Literatur Txokoaren kideak 

 

Uxue Alberdi idazlearen Aulki jokoa izan zen kafe eta pasta batzuen artean komentatutako lehen liburua. Geroztik, sei urte baino gehiago pasa dira, eta dagoeneko 38 liburu irakurri dituzte. Aguraingo Literatura Txokoa 2010. urtean jaio zen euskaraz jarduteko guneak sortzeko asmotan, eta jendearen erantzun positiboa ikusita denbora honetan egitasmoak ia ez du etenik izan. 

"Olbea Euskaldunon Elkartea garai horretan hasi zen, eta euskararen erabilera sustatu nahian liburuak irakurri ondoren horien hausnarketa egiteko elkartzea ideia polita iruditu zitzaigun", azaldu du Ainhoa Arbaizak, egitasmo honetan parte hartzen duen kide batek. "Euskara eta euskal literatura bultzatu ez ezik, gure burua zerbait irakurtzera behartu nahi genuen, beti delako irakurtzea aberasgarria", gaineratu du Amaia Mujikak, beste kide batek. 

Baina ez pentsa literatura zale hauen elkarretaratzeak intelektualei soilik mugatzen direnik. Bilerak oso informalak izaten dira, taberna batean lagunarteko giroan egiten direnak, eta bakoitzak bere iritzia edota istorioari eman dion ikuspegia azaltzen du. "Hasieran galdera batzuk prestatzen nituen solasaldian zehar plazaratzeko, baina ez da behar. Norberak pentsatzen duena botatzen du, eta azkenean ez dago gu isilarazteko modurik!", argitu du Arbaizak. 

Hasieratik mantentzen den talde finkoa zazpi pertsonek osatzen dute, baina liburuaren arabera beste irakurle batzuk elkartzen zaizkie. Normalean, obra batetik bestera hilabete eta erdiko epea uzten dute, baina partaideek istorio guztia bukatzeko astirik izan ez badute data luzatu egiten dute inolako arazorik gabe.

Izenburuak taldekide guztien artean erabakitzen dituzte. "Baina aukeraketa prozesuan gaia oso mamitsua dela ikusten baldin badugu, nahiz eta liburua interesgarria izan, proposamen hori alboratzen dugu obra arinak irakurtzea nahiago izaten dugulako", azaldu du Arbaizak.

Eleberria nahiago

Generoen aldetik gehienetan eleberrira jotzen badute ere, noizean behin poesiarekin ere ausartu dira. "Koldo Izagirre edota Castillo Suarez idazleen lanak irakurri ditugu, baina gehiago kostatzen zaigu", onartu du Amaia Mujikak. 

Modu horretan, liburu batek bete behar duen baldintza nagusia euskaraz izatea da. "Berdin zaigu zuzenean euskaraz idatzita edo itzulita dagoen, baina egitasmoa euskaraz hitz egiteko aitzakia izateko jaio zen, eta hori mantendu nahi dugu", dio Arbaizak. "Behin herriko gaztelaniazko literatura taldetik liburu berdina irakurtzeko proposamena luzatu ziguten, baina gero eztabaida gaztelaniaz egin behar genuenez ezetz esan genien, gure helburuen kontra ez joateagatik", azaldu du Mujikak.

Ia 40 liburu irakurri ondoren, beraientzat oso zaila da orain arte obrarik arrakastatsuena zein izan den esatea. Libururik zailena aukeratzeko orduan, aldiz, ez dute inolako zalantzarik. "Konplexuena  dudarik gabe Mikel Peruarenaren Su Zelaiak izan zen. I. Mundu Gerran Iparralden gertatutako istorio laburrak kontatzen ditu, eta gaia guretzat guztiz ezezaguna izateaz gain, lapurteraz idatzita zegoen", argitu du Mujikak. 

Ekintza gehiago

Liburuak irakurri ez ezik, bestelako ekintzak ere antolatu izan dituzte herrian. "Patxi Zubizarreta, Kirmen Uribe edota Karmele Jaioren hitzaldiak prestatu ditugu, edo Unai Elorriagaren SPrako tranbia irakurri ondoren obra horretan oinarrituta dagoen Txokolate apur bat pelikula ikusi genuen", dio Mujikak. "Bai, eta Garbiñe Ubedaren Hobe isilik lana irakurritakoan,  haren nebak ekarri genituen, Bide Ertzean taldekoak alegia, kontzertua eman zezaten euren diskoan liburuak jorratzen duen gai berari buruz hitz egiten dutelako", azaldu du Arbaizak.

 

*Zuk ere Literatura Txokoan parte hartu nahi baduzu informazio eske olbea.elkartea@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali dezakezu. 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide