Laugarrenez ospatu dute Piper Eguna Barrundian

Naiara Lpz de Uralde 2016ko urr. 5a, 09:53
Garai batean egiten zen moduan, piperrak danbolinean erre zituzten.

Piperrak txandaka erre ondoren, guztien artean zuritzen dituzte.

 

Aurtengoa laugarren urtea dute Barrundian Piper Eguna ospatzen dutena, eta antolatzaileen esanetan egitasmo honek gero eta harrera hobeagoa dauka. "Iaz, esate baterako, 140 kilo piper inguru erre genituen, eta oraingoan 250 kilo izan dira", adierazi du Susana Lopez de Ullibarrik.

Joan den asteburuan piper erreen usaina zegoen Ozetako herriko bazter guztietan. Inguruko hamaika familiatako kideak ekonomatoaren atarian elkartu ziren danbolin batekin piperrak erretzeko asmoz.  

Ekonomatoa prozesu guztia kudeatzeaz arduratzen da. "Interesa dutenek hona etorri eta euren eskaera egiten dute, eta gero guk herriz herri fruta saltzen dabilen gizonari produktuak erosten dizkiogu. Aurtengoak Mendabiakoak dira eta oso gozoak daude!", azaldu du Susanak. 

Larunbatean goizeko bederatzietan hasi ziren piperrei su ematen, eta eguerdiera arte egon ziren danbolinari bueltak ematen. "Eskaera bakoitza txandaka egiten dugu, baina zuritzearen lana guztion artean mahai baten inguruan egiten da, eta ez bakoitzak berea", argitu du Lopez de Ullibarrik. Modu horretan, lana ez ezik, istorioak, txutxu-mutxuak eta barreak ere partekatzen dituzte.

Garai bateko lan egiteko moduak gogogoratzeaz gain, egitasmo honen helburuetako bat natura zaintzea ere da. "Hemendik ez da hondakinik sortzen, piperra zuritzerakoan ateratzen den azala herriko bizilagunen artean egiten dugun konpostera botatzen baitugu". 

Tailer ugari 

Baina piperrak erretzearena ez da Barrundiako ekonomatoan antolatzen duten ekintza bakarra. Denda zabalik izan den zazpi urte hauetan, hitzaldi, zine-forum eta tailer ugari egin dituzte. Besteak beste, sagarrekin egindako zukuak, fruitu lehorretatik eta bestelako hazietatik ateratako esne begetalak, hegaluze poteratzeak, xaboi naturalak edota ogia egiten ikasteko tailerrak izan dituzte.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide