Araiak hartuko du igandean presoen aldeko 'Lasterbidean' lasterketa

Mirian Biteri 2016ko eka. 2a, 10:16
Jagoba Manterola

Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen aldeko lasterketaren laugarren edizioa Araian izango da igandean, ekainak 5. Jarduera horren bueltan, egun osoko jaialdia antolatu dute.

Korrikalariek bi ibilbide dituzte aukeran: lasterketa luzeak 8,5 kilometro ditu; laburra herrikoiagoa da: 2,9 kilometro luze ditu. Egunean bertan, horretarako egokituko den gunean eman ahal izango da izena proba batean zein bestean. Lasterketa luzerako, baina, asko izan dira dagoeneko aurretik izena eman dutenak; asteartean, esaterako, 330 lagunen parte-hartzea zuten ziurtatuta antolatzaileek.

Presoek egindako sariak
Lasterketek goiz osoa hartuko dute; proba nagusian parte hartzen dutenak irtengo dira lehenak, 11:00etan, eta 12:15ean, ibilaldi motza aukeratzen dutenak. Lasterketak amaitzean, sari banaketa egingo dute. Bereziak izango dira sariak, errepresaliatuek beraiek egindako eskulanak banatuko dira eta; tartean, erloju edo tailla bana.

Lasterketak eta ondorengo ekitaldia bukatu ondoren, bazkari herrikoia egongo da parte-hartzaileentzat, herriko kiroldegian. Bazkarirako txartelak Internet bidez erosi ahal dira 15 euroren truke, www.herrikrosa.eus webgunean. Horrez gain, Araban, Gasteizko, Aguraingo eta Araiako ohiko lekuetan ere eskuratu daitezke. Antolatzaileek jakinarazi dute bazkarian 600 lagunendako tokia dutela.

Pilota norgehiagoka
Arratsaldean, jai giroa izango da nagusi. Umeentzako ekintzez gain, helduek ere izango dute zereginik. Tartean, profesional ohien pilota partidua ikusi ahalko dute, 17:30ean;  ez dute jakinarazi nahi izan zeintzuk jokatuko duten norgehiagoka, "sorpresa" izango da. Horren ostean, gorputza astintzeko ordua iritsiko da, herriko plazan egingo duten dantza plaza bidez. Kontzertuekin amaituko da festa. Guzti horrez gain, egun osoan zehar kale animazioa izango da Jo ta Fa taldearen eskutik.

Korrrika ardatz
Kirolaren espresiotik, korrikaren esparrutik zehazki, euskal errepresaliatu politikoen eta beraien gertukoen eskubideen aldeko elkartasun "keinua" egin nahitik sortu zen Lasterbidean herri ekimena. Ibiltaria da hori; aurretik Oiartzunen (Gipuzkoa), Larrabetzun (Bizkaia) eta Berriozarren (Nafarroa) egin izan da. Esan bezala, aurten Araban izango da; Araian, hain zuzen ere.

Egitaraua, zehatz mehatz

Ekainak 5

  • 09:00: Dortsal banaketa.
  • 11:00: Lasterketa luzea.
  • 12:15: Lasterketa laburra.
  • 13:00: Sari banaketa.
  • 13:30: Ekitaldia.
  • 14:30: Herri bazkaria kiroldegian.
  • 16:30: Inguruabentura ekintzak umeentzat Pradon parkean.
  • 17:00: Herri kirola eta korrikalarien ginkana.
  • 17:30: Pilota partidua.
  • 18:30: Dantza plaza.
  • 19:00: Kontzertuak: Bertso Hop eta beste talde batzuk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide