Interenvasesen enplegua erregulatzeko iraungitze txostena aurkeztu dute

Erredakzioa 2016ko mai. 3a, 16:43

Aurreko astean sute bat egon zen Araiako enpresa honetan. Sindikatuaren ustez, "enpresaren utzikeriak sortu zuen sute baten ondorioak langileei ordainarazi nahi dizkie".

Sertegoko (Interenvases) zuzendaritzak enplegua erregulatzeko iraungitze txostena aurkeztu die lan ordezkaritzari eta langileei, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, "bertako langile gehienak kaleratzeko", hau da, 19 langiletik 13k galduko dute lanpostua.

Aurreko astean Araian kokatzen den enpresa honek sute bat jasan zuen. LAB sindikatuak ohar baten bidez adierazi duenez, "langileek susmatzen zuten zerbait konfirmatu da: Zuzendaritzak aspaldi erabaki zuela lantegi honetan jarduera etetea eta sutea erabaki hori gauzatzeko erabil zezakeela, langile gehienak kaleratuz". Egoera honen aurrean, sindikatuak zuzendaritzaren "engainua" salatu du, bere ustez, "enpresaren utzikeriak sortu zuen sute baten ondorioak langileei ordainarazi nahi dizkielako".

Ildo horretan, aurreko asteko sutea enpresak segurtasunaren inguruan duen "arduragabekeriagatik" gertatu zela uste du LABek. "Sutea ez zuen zirkuitulabur batek eragin. Mozketa lerroan zenbait produktu nahasteagatik sortu zen, hauek erreakzionatu eta su hartu baitzuten". Horrez gain, enpresak langileei produktu kimikoak erabiltzeak zituen arriskuez inolako prestakuntzarik eman ez ziela salatu du sindikatuak. "Ezin dugu onartu sute hau baliatzea langileak kaleratzeko", gaineratu du.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide