"Araiako eskolaren festa ospatuko dugu ekainaren 18an"

Itsaso Estarrona 2016ko mai. 5a, 08:00

Araiako eskolaren eraikinak 50 urte beteko ditu aurten. Data hori baliatuta, "eskola izatetik herri-eskola izatera" igaro direla aldarrikatuko dute ekainaren 18an ospakizun oparo batekin. Joxan Arregi zuzendariarekin hitz egin du ALEAk.

Ikastetxe bat izateaz harago, "herriko gazteen bigarren etxea" izan nahi du Araiako eskolak. Bide horretan doazela adierazi du Joxan Arregik (Oñati, 1962). Duela 16 urte iritsi zen eskolara, eta duela bi murgildu zen zuzendari lanetan. 

Araiako eskolaren eraikinak 50 urte beteko ditu aurten. Zer suposatu zuen garai hartan?

Aurretik, herrian bazeuden bi eskola, eta inguruko herri bakoitzak bere eskola txikia zuen. Eraikin berria 1966an inauguratu zuten: denborarekin, inguruko herrietako eskolak ixten joan ziren, eta Araian elkartu ziren ikasle guztiak.

Gaur egun ere inguruko herrietako umeak jasotzen dituzue?

Bai, Asparrena udalerriko umeak etortzen dira, Galarretatik Eginoraino, eta baita beste udalerri batzuetatik ere, Durrumatik eta Zalduondotik hain zuzen. Guztira, 50 bat ikasle.

 

Zer aldatu da mende erdian?

Unerik aipagarriena herrian ikastola bat sortu zenekoa da, agian. Gure eskola erabat erdalduna zen garai hartan. Egoera horretan, hainbat gurasok ikastola bat sortu zuen, eskola euskaldun bat nahi zutelako. Gero, iritsi zen momentu bat zeinetan eskola eta ikastola elkartu egin ziren, hasieran bere gorabehera eta eztabaidekin. B ereduarekin hasi, eta D eredura pasa ziren gero. Gaur egun, D ereduko eskola bat gara, eta izaera euskalduna, publikoa eta herrikoa aldarrikatzen dugu. 

Herri-eskola izaera hori garrantzitsua al da zuentzat?

Bai: herrian gaude, herriko umeak hazten ditugu eta ardura handi bat daukagu. Haientzat bigarren etxea izan nahi dugu; familiarteko eskola bat, etxekoa. Hein batean, lortzen ari gara; gelatik kanpo, adibidez, ikasleen aisialdian eragiten saiatzen gara, guraso elkarteak antolatzen dituen eskolaz kanpoko ekintzen bidez, esaterako. Herriko euskalduntze prozesuan  ere eragina dugu; zentzu horretan, gazteen arteko erabilera handitzea da gure kezketako bat. Gure izaera hori aldarrikatzeko, eskolari izena aldatzea pentsatzen ari gara, 'Araia eskola' izatetik 'Araia herri-eskola' izatera pasa gaitezen. 

 

Zer antolatzen ari zarete urteurrena ospatzeko?

Guraso eta irakasleen arteko batzorde bat sortu dugu, eta hainbat asmo ditugu: aldizkaritxo bat  kaleratzea, kamisetak egitea,  ate-irekien egun bat egitea... Eta, ekainaren 18an, ospakizun nagusi bat.

Egun horretarako, zer?

Ikasle, guraso eta irakasleon artean hainbat jarduera antolatzen ari gara:musika, bertsoak, herri-kirolak, dantzak, eskolaz-kanpoko ekintzen erakustaldi bat (lego-errobotika, gimnasia erritmikoa, aikidoa...) eta bazkari herrikoi bat. Ekintza nagusi moduan, zuhaitz bat landatu nahiko genuke, eta denboraren kutxa bat jarri, gure gogoetak eta oroitzapenak bertan sartu eta, egunen batean, norbaitek lurpetik atera ditzan.  Herri-eskola garela ospatuko dugu eta denon partaidetza-sentimendua bultzatu, denon artean egiten dugulako eskola.  

 

Araia eskola, udalerriko bakarra

Zenbakitan: 20 irakasle eta 180 ikasle, horietako 50 gertuko herrietatik iritsiak

Eskaintza: Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza. 

Eta gero?: Bigarren Hezkuntza egiteko Aguraingo Aniturri institutua egokitzen zaie ikasleei; beste batzuk Gasteiz edo Altsasuko zentroak aukeratzen dituzte.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide