Araiak industria ondarea berreskuratu nahi du

Anakoz Amenabar 2016ko api. 10a, 12:00
Araiako Ajuria y Urigoitia lantegia

Ajuria y Urigoitia fabrika zaharra lehengoratzeko neurri zehatzak aurkeztu dituzte.

 

Kultura industria ondarea berreskuratzeko pausoak ematen jarraitzen du Asparreneko Udalak. Ajuria y Urigoitia fabrika zaharra berreskuratzeko eta mantentzeko plana martxan jartzera doa. Hainbat hamarkadetan geldirik egon eta gero, neurri zehatzak bideratzen hasi dira.

Hala, besteak beste, fabrikari lotuak dauden biltegi zaharren jasotze topografikoa egingo dute eta, aldi berean, horietako biltegi baten zaharberritzea bideratuko dute, anfibioetarako interes gune den hezegunea baita. Ingurunea berreskuratzeko lanetan, landare inbaditzaileen kontrako neurriak hartuko dituzte, zuhaixkak landatuko dituzte eta fabrikaren eraginpean dauden mendi eremuen garbiketa eta bertako txatarra erretiratuko dute. Ajuria y Urigoitia lantegiaren zati handiena Aizkorri-Aratz natur parkearen barruan dago eta gunearen garrantzia azpimarratu du Txelo Auzmendi alkateak: "Industria egitura konplexu eta aberats horren elementuak berreskuratzeko esfortzu handiak egin dira eta orain Gobernuaren kultura saileko babes deklaraziorako 2012an egin genuen eskariaren zain gaude".

Azken helburua paisaia industriala osatzen duen unitate osoa berreskuratzea da; industria eta biltegiratze nabeak, harrobiak, sistema hidraulikoa eta sarrerarako eta komunikaziorako bideak berreskuratzea da helburua. Era honetan, XIX. mendeko euskal burdingintza ezagutarazteko egitasmoa antolatu ahal izango dute, Udaletik azaldu duten moduan.

Agurainen azterlana

Beste alde batetik, etorkizunean Aguraingo alde zaharrak nolakoa izan behar duen erabakitzeko, mahai gainean jarri du Udalak eztabaida. Hirigune historikoaren azterlanaren eta diagnostikoaren dokumentua aurkeztu du eta herritarrek euren ekarpenak egiteko aukera izango dute datozen asteetan.

Zabalarte etxean aurkeztu zuen Aguraingo Udalak alde zaharraz egindako azterlana, besteak beste, ikuspegi ekonomikoa, soziala eta ingurumena kontuan hartzen dituena. Udalaren webgunean  bertan ere eskuratu daiteke txostena, eta bertara bideratu daitezke ekarpenak.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide