Zadorra ibaiaren arroko uraren kalitatea hobetuko dute Agurain eta Dulantzin

Erredakzioa 2016ko ots. 24a, 11:19

1,5 milioi inbertituko ditu Foru Aldundiak Agurain eta Dulantziko saneamendu eta arazketa sistemak hobetzeko, hain zuzen horiexek baitira URA Ur Agentziaren azken txostenean jasotako gune beltzetako bi.

Arabako Foru Aldundiak 1,5 milioi euro inguru inbertituko ditu aurten, Zadorrako uraren kalitatea hobetzeko. Zehazki, Agurain eta Dulantziko isurien kalitatea hobetzea da asmoa, eta horretarako, herri horietako saneamendua eta arazketa sistema hobetuko du.

 “Honezkero historikoa den arazoari irtenbidea aurkitzea da kontua”, nabarmendu du Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatu Josean Galerak . Izan ere, bilera egin du Iñigo Ansola URA Ur Agentziaren zuzendariarekin eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko sailburuordearekin, bi herri horietako ura arazteko sistemak batera eta modu koordinatuan aztertzeko helburuarekin.

 Aguraingo udalerriari dagokionez, Arabako Foru Aldundiak hitzeman du azterlan bat idatziko duela euri urak bereizteko sistema berria egiteko, bai eta herrirako araztegi berria diseinatzeko eta bideragarri den ala ez ikusteko ere. Gainera, proiektu horrekin batera, aztertuko da ea aukerarik dagoen Galzarko industrialdeko araztegia baliatzeko, gaur egun udalerriko araztegira iristen diren industria isurien zati bat jaso dezan, arazte gaitasunaren mugan baitago araztegi hori. Azterlanak ontzat jotzen badu saneamendu azpiegitura berria eraikitzea, URAk azpiegitura hori egin eta obrak finantzatuko ditu..

  Bestalde, Dulantzin asmoa da euri urak eta hondakin urak bereizteko proiektua gauzatzea, horrek ekarriko bailuke araztegira ur bolumen txikiagoa sartzea eta, hartara, araztegia eraginkorrago egiten lagunduko bailuke. Zehazki herriguneko hiru zonatan daude arazoak. Arazo horiek konpontzeko, foru aldundiak 558.213 euro eman berri dizkio Dulantziko Udalari, Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren bitartez. Zifra horri, aurten, txaleten urbanizazioan euri urak bereizteko lanak gehituko zaizkio, zeinek 500.000 euro baino gehiagoko aurrekontua izango baitute.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide