Siriako errefuxiatuentzako arropa bilketa kanpaina egin dute Lautadan

Anakoz Amenabar 2016ko ots. 15a, 09:39

Hurrengo hilabeteetan elikagaiak eta jostailuak biltzeko ekinaldi bat ere antolatuko du Lautada Bero elkarteak

 

Aguraingo Eguzki liburu- denda izan dute biltoki nagusia. Kuadrillako zein kanpoko arropak bildu dituzte bertan eta hainbat boluntario izan dira lanean, kutxak prestatu eta errefuxiatu kanpaleku batera bidaltzeko asmoz. Whatsapp bidez laster zabaldu zen ekinaldia Kuadrillako lau bazterretan eta erantzun "arrakastatsua" izan dela aitortu du Lola Garciak, sustatzaileetako batek. 

Elgoibarko (Gipuzkoa)  Hotz Elgoibar elkarteak bidalitako telefono mezu batek piztu zuen metxa. Greziako Lesbosera beroki arropa eta lo-zakuak bidaltzeko kanpaina bat antolatu zuten han, eta Agurain zein inguruko herrietatik berehala zabaldu zuten mezua eta halako zerbait bertan egin behar zela pentsatu zuten. "Asteazken arratsalde batean jaso genuen mezua, zerbait egin behar zela pentsatu, eta hurrengo egunerako hainbat arropa jasotzen hasi ginen liburu dendan", azaldu du Garciak. Berehala hasi ziren pilatzen berokiak, zakuak eta mantak. Eta boluntario ugari ere gerturatu zen, arropa kutxatan banatu eta prestatzeko. 

Elgoibarko proiektuarekin ezin izan dute bat egin azkenik, heltzen ari  zen material guztiari aurre egin ezinik, soilik inguruko materiala biltzea erabaki baitute. Lautadan ekinaldi solidarioarekin aurrera jarraitzea erabaki dute, ordea.  

Lautadan, elkarlana 

Eguzki liburu denda txiki geratu da dagoeneko eta bildutako dena Aguraingo Udalak utzitako lokal batean dute gordeta. Han bildutako kutxa guztien inbentarioa egiten ari dira egunotan. "Dena prest dugunean, hurrengo astean egingo dugu bidalketa; kontrakoa esaten ez badigute Calaiseko errefuxiatu kanpalekura bidaliko dugu hau", azaldu du Garciak.

Honako ekinaldia ez ezik, beste batzuk ere izango direla aurreratu dute.  Beharren arabera, hurrengo hilabeteetan beste kanpaina bat antolatu dezaketela aipatu du Garciak: "Herrialdeetatik eskatzen digutenaren araberakoa izango da, baina ziurrenik elikagai, pañal eta jostailu bilketa egingo dugu". Herrian bertan beharra dutenentzako ere jasoko dute materiala.

Horretarako, hemendik aurrera ere lanean jarraitu ahal izateko, elkarte moduan antolatuko dira aurrerantzean. Agurain Bero jarri behar zioten izena egitasmoari, baina Kuadrillako herrietako erantzuna ikusirik Lautada Bero jarri diote azkenik. "Izugarria izan da nola parte hartu duten eta nolako erantzuna eman duten zonaldean eta baita kanpoko herrietan ere". Inguruko enpresen laguntza ere izan dute; Agurain garbitegiak, esate baterako, hainbat arropa garbitu ditu eta garraio enpresa batek prezio berezia egingo die bidalketa egin ahal izateko. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide