Aurrekontu herrikoiak Barrundian

Anakoz Amenabar 2016ko urt. 21a, 10:08

Herritarrek erabaki dute aurrekontu osoaren inbertsioen atala, 20.000 euro ingurukoa, zertara bideratuko duen Udalak. Besteak beste, garraioaren beharren azterketa egitea proposatu dute.

Barrundiako Udalak inbertsioak egiteko diru sail bat herritarren esku uztea erabaki du aurten. Eurek erabakiko dute zertara bideratu. Partehartzea urtero bermatu duten arren, modu zuzenagoan egitea erabaki dute eta herritarrek eurek dute azken hitza. Horretarako, hainbat bilera izan dituzte eta bildutako proposamenen artean, besteak beste, garraioari buruzko azterketa bat egitea erabaki dute.

 

Azaroan eta abenduan zehar hainbat bilera izan zituzten herritarrek udalerrian –Gebaran, Marietan, Ozetan eta Heredian– eta bertan proposamen ugari jaso zituzten, baita idatziz ere, inbertsioen ataleko 20.000 euroak zertan erabili erabakitzeko. Joan den asteazkenean izan zuten azkeneneko bilera herritarrekin, Gorka Blanco zinegotziak  azaldu moduan. "Azkenik proposamen guztiak hiru multzotan sailkatu ditugu, eta horiek lantzen hasiko gara: garraioa, turismoa eta ingurugiroa, eta kultura eta euskara". Hamabost bat lagun elkartu ziren  proposamen guztiak eztabaidatzeko.

 

Garraioaren azterketa

Garraioaren ingurukoak izan ziren proposamenetako batzuk eta horregatik aurten horren azterketa egingo dutela nabarmendu du Blancok, horretarako baliatuko dute inbertsioen diru sail horren atal bat: "Udalerriko biztanleek dituzten beharrak ezagutu nahi ditugu, datorren urtean horiek nola garatu  erabakitzeko". Barrundiako Udalak hiriburura doan garraioaren eskuduntzarik ez duenez, udalerri barruko garraioa edota Agurainekin lotzen duena aztertuko dute, etxez etxeko galdetegiarekin. Beharren arabera, beste autobus bat jarri edota kotxeak partekatzeko modua abiatu daitezkeela azaldu du Blancok. 

 

Turismoaren atalari dagokionez, bestalde, intereseko hiru gune –Aldaia mendizerra, Garaioko parkea eta Zadorra eta Barrundia ibaiak– sustatzeko proposamenak jarri dituzte mahai gainean. Eta, besteak beste, udaletxe zaharrean, gune horien inguruko interpretazio zentro bat osatzea proposatu dute. "Gaur egun bertan dagoen ekonomatoarekin batera, hiru guneen interpretazio zentroa antolatzea eta, horrez gain, turismo bulego bat prestatzea da asmoa".

Euskarari dagokionez ere, beste alde batetik, toponimiaren inguruan egindako ikerketa batekin  lan egiteko proposamena  egin dute herritarrek. Bertako herritar edadetuek kontatutakoari esker, udalerriko hainbat izen eta hitz jaso zituzten eta horiek ezagutzera eman nahi dituzte. "Diru sail handirik ez da egongo horretarako baina lanketa egin nahi dugu toponomiari buruzko ikerketarekin".

Gorka Blanco EH Bilduko zinegotziak gogoratu moduan, proposamen guztiak "gehiago xehetu" nahi dituzte udal taldean eta aurrekontuak onartu nahi dituzte hilabetea amaitu aurretik.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide