Eta zuk, zeure #UdaGasteizen aurkitu al duzu?

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2013ko abu. 1a, 02:00

Zuriñe Etxeberria

 

Lehiaketa polita abiatu zuen Hirinetek orain dela aste batzuk. 140 hizki, bi lagunentzako bazkari bat eta #UdaGasteizen Twitter sare sozialeko etiketa (edo, sare sozial honetan jantziak direnak esango zuten moduan, hastag-a). Hainbat izan ziren beren ustetan uda Gasteizen zer den deskribatzera ausartu ziren lagunak. Soilik bizpahiru esalditan olerkiak sortzeko gauza direla ere erakutsi zuten batzuek. Garailea, ordea, bakarra! (Zorionak Irati!).

 

 

Baina ez pentsa bi lagunentzako bazkari horrekin #UdaGasteizen amaitu zenik. Bigarren lehiaketa  abiarazi du euskaldunon atariak, oraingoan baina, hitzek garrantzia galdu dute. Erretrato bihurtu dira hitzak eta irudi batek norberaren udara erakustea da xedea. Hain pertsonala eta maitatua den sasoia konpartitzeko giltzaren lekukoa pasa diete hitzek irudiei. Jokoan, gainera, sari potoloak.


Eskerrak nahi beste argazki bidali daitekeela, niri behintzat, oso zaila egiten baitzait udak ematen didan gauza guztien artean bakarra aukeratzea eta gainontzeko guztiak albo batean ahaztu behar izatea, bikoterik gabeko galtzerdiak balira. Eguzkiaz harago doan sentimendutzat daukat nik #UdaGasteizen. Eta, are gehiago, udak ekaina, uztaila, abuztua eta iraila gainditu ditzake eta kalean zeroz azpiko tenperatura egonda ere, baten batek aurki dezake bere uda. Ondo bilatzean datza gakoa. Aurrean izateagatik ere ez gara askotan pozik sentiarazten gaituen hori ikusteko gai izaten. Noizean behin, ondo datorkigu, beraz, betaurrekoz aldatzea eta ikusmena lausotzen digun oihal beltz horrekin ahaztea. #UdaGasteizen etiketaz harago doan sentitzeko, gozatzeko eta bizitzeko modua dugu uda.

 

udagasteizen-zurine

 

Hauxe da nire #UdaGasteizen partikularra. Hiriburutik kanpo dagoen leku sekretu batean ateratako argazkia izan arren, #UdaGasteizen etiketaren esentzia jasotzen du niretzako. Antiojo egokiekin begiratzen asmatuz gero, bi oin baino gehiago ikusten dira argazkian eta uztailean izoztutako momentua bada ere, itsas korronteen martxa jarraituko duen sasoia dela ere ikus daiteke, gora eta behera, amaierarik gabe.


Eta zuk, zeure #UdaGasteizen aurkitu al duzu? Konpartitu nahi?

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide