Déjà vu

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2013ko ots. 4a, 09:16

Zuriñe Etxeberria

 

Izen propiorik zuenik ez banekien ere, sentsazioa ezagutzen nuen. Behin baino gehiagotan halako sentipen kurioso bezain arraroa bidaiatu baita gorputzean barrena. Bazkaltzen ari ginela, telebistan izen bereko filma ari ziren ematen. Orduantxe elkar ezagutu genuen ofizialki déjà vu eta biok. Halaxe izaten dira aurkezpen ofizialak, ezta? Bi izenen elkartrukatzea.

 

Oraindik nondik datorkidan ez badut argitu ere, aspalditik hartzen nauen trastorno obsesibo baten ondorioz, betikoa egin nuen: ezagutu berri dudan hori googleatu. Traste orojakile honen aburuz, 15 eta 25 urte bitarteko biztanlen %70 inguruk noizbait izan du déjà vu bat. Gaizki ulertu ez badut, kasu gehienetan amets batekin lotzen da, nahiz eta benetan egoera HORI bizi izan den uste dugun.


Bada, azken bolada honetan halako hainbat sentipen nozitu izan ditugu. Hemen adibide batzuk:


- Iluntasunaren itzal luzetik ihesi Arkaitzek, Maitanek eta Xabierrek etxea uztera behartuta ikusi zituzten beren buruak. Alta, kaleko hoztasunak ez zituen hartu, auzo zein herri askotako hamaika ate zabaldu zitzaizkielako. Matrioskaren berotasunetik atera bezain laster, aldiz, txanodun batzuek eskuak lotu eta urrun, oso urrun, eraman zituzten. Orain urtebete, egoera berdinaren lekuko izan ginen. Lan politikoa egiteagatik ere, txano iluna darabilten horietako batzuek Ekaitz lapurtu ziguten. Etxe askotako ateak zabalik izan ostean, matrioskatik atera berri zela, urrun eraman zuten.


- Gomazko pilotakada baten ondorioz sei egunez ospitalean izandako Xuban gaztearen salaketa artxibatu du epaileak. Familiak aurkeztutako txosten medikuak irakurri eta bideoak ikusi dituen zalantza datorkit. “Indartsuenaren” aldeko apustua egin du epaileak, beste behin ere, “ahula” gehiago zapaldu nahian. Ertzaintzak emandako bertsio “ofiziala” gailentzen da. Ez da lehendabiziko aldia, ezta bigarrena ere (eta, tamalez, epe laburrera, behintzat, ez dut uste azkena izango denik). Despatxuetan diseinatutako bertsioak jendarteak sinesten ez dituela badakiten arren, irenstarazten saiatzen dira. Eta, berriro ere, indarkeria poliziala… debalde.


Honako hauek, alabaina, déjà vu hitzaz eta google inbento orojakile horrek ematen duen azalpenaz haratago doaz. Bizi izandako hori, behin eta berriro errepikatzen dela ikustean, amesgaizto batekin lotu ahal izatea gustatuko litzaiguke. Zoritxarrez, errealitate honi aurre egitea egokitu zaigu eta horretarako prest bagaude ere... betiko galdera: noiz arte izango gara déjà vu sentipen hauen menpe?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide