Agian… datorren urtean!

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2012ko aza. 29a, 11:37

Zuriñe Etxeberria

 

Arratsaldeko bostetan iluntzen badu ere, inoiz baino argitsuago daude kaleak. Noizean behin, gainera, haize bufada indartsu eta hotzak gaztaina erre usainarekin nahasten dira, begirada afinatuz gero, ondoko izkinan ikusten ditugu tren ilun horietatik ateratzen den kearekin desagertzen diren buzo urdineko saltzaileak. Neguko edozein egun izan liteke.

Baina ez, presaka ibiltzeari utzi eta, sikiera, bi minutuz gure ingurura arretaz begiratzen badugu, zenbait gako jasoko ditugu: Kaleak argitzen dituenak elur malutak eta izartxoak dira; edozein supermerkatura sartu eta turroien dorre erraldoiak daude, tentuz ibili behar da bat hartzerakoan, denak lurrera joan ez daitezen; eta, mundua bihar amaituko balitz esku bakoitzeko bizpahiru poltsa daramate gainean kaletik doazen hiru lagunetik bik. 

Argi dago, ez da neguko edozein egun. Gabonak gainean ditugu eta egunerokoan giro berezi hori antzematen da. Egia esan, oso gabonzalea ez naiz inoiz izan, ziurrenik, txikitan, Olentzeroren magiaren laguntzaz beste era batean ikusten nituen. Halaber, bada, estresa sorrarazten didan beste kontu bat. Datorren urterako asmoak edo proposituak! Top Ten-ean betikoak, urterik urtera, behin eta berriro, errepikatzen direnak (urtarrilaren 2tik aurrera inork ez baitu zerrenda madarikatu horretan idatzi zituenak gogoratu nahi): erretzeari utzi, gimnasioan (berriro ere) izena eman, etxekoekin denbora gehiago pasatzea edota ingelesa eta alemana ikasten hastea…

Eta, asmo onen zerrendarik egiten ez dugunokin zer gertatzen da? Halakorik ez dut sekula egin, baina inguruko gehienek datorren hilabetetarako gauzak argi dituztela ikusirik urduritasuna sartzen zait gorputzean. Modu batean edo bestean, urteko balantzea egitera behartuta ikusten dut neure burua. Nahitaez, Gabonak gertu direla, honekin tematzen naiz... Eta urtero berdin! Tamalez, ariketa hau ez da batere ere erraza izaten, 12 hilabetetan gauzak asko aldatzen direlako eta denak gogoratzea zaila delako. Aldaketak onera edo txarrera izan diren asmatzea da lanik neketsuena. Betirako adio esan diguten baten batzuk geratu dira bidean, egunero geure buruan segitzen badute ere. Eta tartean, espero ez genituen gauza andana hazi da bide bazterrean ere.

Ebaluazio txantiloi estandarretan hasieran finkatutako helburuak zenbatean asetu diren neurtzen da, asetze maila horretara iristeko puntu ahulak eta indar-guneak identifikatu ostean, asmo berriak sortzen dira. Urtean zehar hamaika komeria gertatzen denez, memoria txarrekoak (txarra baino, nik nahiago dut esatea memoria oso selektiboa dugula) garenontzat komenigarria litzateke urte berria non hasten dugun nonbaiten idaztea. Abenduaren 31n aurrera edo atzera egin dugun asmatzeko denbora asko aurreztuko dugulako. Ikasturteko apunteak, beraz, agian… datorren urtetik aurrera hasiko naiz hartzen!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide