Galdutako belaunaldia

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2012ko ira. 27a, 10:39

Zuriñe Etxeberria

 

“Berriro?”, diote laurek aho batez hasperen egin eta gero. Inork ez ditu ostegun gauak lainotu nahi, baina barruak hustearren edo, ia beti, edozein dela momentua, gai berdinak hartzen ditu koadrilako solasaldiak. Azkena, lau neska gaztek zurito bat ezkerraldeko eskuarekin eta kroketa bat eskuinaldekoarekin heltzen zutela jazo zen. Irakasle bat, enpresen administrazio eta zuzendaritzan lizentziatu bat, argazkilari bat eta ikus-entzunezko komunikazioan beste lizentziatu bat.

Lauren gaitza: langabezia. Noiz edo noiz ikasitakoarekin lotura duten lan batzuk egiten dituzte, ordezkapenak gehienbat, alabaina, norberaren bizitza proiektua aurrera eramateko ez da nahikoa.

Orain arte egindako lan eta esfortzu guztiak merezi izan ote duen da kezka nagusia. Ikastola atzean utzi eta ilusioz hasi ginen ikasketa berriekin. Gustuko genuen horretan trebatzeko abagunea eman ziguten etxean eta zentzu horretan: zorionekoak gu, inongo dudarik gabe. Familia guztiek ez dute guk izan genuen zorte berdina, eta hemendik aurrera hezkuntzan emango den pribatizazio basatiarekin are gutxiagok izango dute aukera hori. Ezinegona sartzen zaie laurei, ordea. Errudun sentitzen dira bakoitzaren ikasketetan gurasoek xahutu duten dirutzan pentsatzen duten aldiro. “Krisi ekonomikoa, badakizu… ez dugu beste inor behar”, hori izaten da curriculumak entregatzean entzuten dutena. Maite dugun horretan lan egitea da gure ilusioa, baina gure kondena bihurtu den ilusioa ere bada. Sinetsi genuen hori heltzen ez dela-eta, triste eta zerbait gaizki egin dugunaren sentimenduarekin bizitzera kondenatu gaituzte.

Solasaldi erdian, Youtuben ikusgai dagoen Anicet Lavodrama taldearen “Galdutako Belaunaldia” bideo arrakastatsuarekin akordatu dira lau lagunak. Galdutako belaunaldia garela sinestarazi digute, izen horrekin bataiatzen gaituzte komunikazio lobbiek botatzen dituzten etengabeko mezuen bitartez. Antza, hobekien prestatuta dagoen belaunaldia garela ere esaten ziguten, beraz, egia izango ote den ez dago jakiterik, baina argi dagoena gezur bat hainbat alditan errepikatzen denean egi bihurtzen dela.

Galduta, baina, zer zentzutan? Inongo aukerarik ez dugula izango eta horregatik galdutzat eman behar ditugu geure bizitzako proiektu guztiak? Galduta bidean abandonaturik utzi gaituztelako? Edota, bitartean belaunaldi berriek bere burua trebatzen jarraitzen dutelako eta gu atzean geratu garelako? Orain arte gure aurretik egon direnek ezagutu duten sistemak huts egin du, ez zen jasangarria eta eztanda egitearena denbora kontua zen.

Galduta sentitzen gara bai, baina bide berri bat asmatu behar dugulako. Gutxi batzuentzako poltsikoak betetzea eta askorentzako miseriak ekarri dituen sistema horrek eztanda egin eta gero sistema justuago baten bila egin behar dugu. Hasieratik asmatzeko aukera da orain. Bide berria eraikitzen milaka eta milaka lagun ikusi genituen atzoko greba orokorrean eta egia esanez gero, ez zuten galduta dagoenaren aurpegirik ageri, baizik eta ideiak oso argi dituenarena. Aldaketa garaia dela ozen aldarrikatu ostean, bidea eraikitzeko unea dator orain.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide