Egun arraroak

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2012ko abu. 27a, 02:00

Zuriñe Etxeberria


Egutegia hartu, berdin dio aurtengoa edo iazkoa den, eta saiatu berdinak izan diren hiru bat egun topatzen. Antzekoak izan daitezke, agian. Baina, berdinak inoiz ez.

Beti egoten da zerbait eguna berezia egiten duena, irribarre bat gehiago oparitu zenuen ostiral horretan, iratzargailua deskonektatzea ahaztu zitzaizun, akaso, larunbat horretan edota beste astelehen horretan bi minutu gehiago kostatu zitzaizun jaikitzea. Beraz, berdinak izan zirenik ezin duzu esan eta orduak batzen dituen egutegian arraroak diren egunak ere badira.

Arrazoi asko tarteko izan daitezke arraroak. Eguna normaltasunetik pare bat metro aldentzen denean diogu arraroa izan dela, nahiz eta askotan normaltasuna zer den oso ondo jakin gabe ahoa betetzen zaigun. Berezitasun txiki batek egiten du eguna arraro. Norbanakoaren ardura izaten da egunak etiketatzea eta nolakoa izan den definitzea, ohean sartu eta loak ezin hartu zaudenean egiten ohi da meditazio ariketa hau.

Egun arraro bi aipatu nahi ditut nik honako zutabe honetan, hasiera batean haien arteko berdintasunik besterik ez nituen topatzen. Berdinak izan zirela pentsatzera ere heldu nintzen. Sentimendu berdinek besarkatu ninduten-eta. Eguneroko zereginak eten egingo duen zerbait badatorrela usaintzen duzu, izan ere, aurretik abisua jaso duzu. Egun hori ahalik eta beranduen etor dadin egiten duzu otoi, zoroak bezala gainera, ez baitakizu zeini egin behar diozun ere. Azken hilabete luzetan ezagutu duzun jendeari agur (aukeran, gero arte) esatera behartuta ikusten duzu zure burua, mahaia aurkitu zenuen bezala uzten duzu, eztarrian korapiloa egiten zaizu eta bazoaz etxera, buru makur, datozen egunetan Lanbiderekin zita eskatu behar duzula gogoratzen duzun bitartean. Besopean urrezkoak balira gordetzen dituzun dokumentuak dituzula, ilara amaigabetan izerdia botatzea tokatzen da orain. Halabeharrez egin beharreko tramiteak dira, nik behintzat konfiantza handirik ez dut lan zerbitzu honetan, eta denborak arrazoia ematen digu. Eta honekin ez ditut bertako langileak kritikatu nahi, baten batek All Bran dosi bat merezi badu ere, goitik egiten ari den kudeaketa txarraren errua ez baitute.

Unibertsitatean geundela, gogoratzen dut nola irakasle batek esaten zigun orain arte ezagututako lan moldeak aldatu behar zirela eta guri “ezer ez da betiko” hori tokatzen zitzaigula. Hala ere, lanak hasi eta bukatzearen malgutasun horrekin inoiz ez naizela ohituko uste dut. Esku hutsik ikusten zara ispiluaren aurrean eta berriro hasieratik hasteko burua prestatu beharra dago. Bigarren egun arraro hau uztailaren amaierarekin heldu zen eta orain urte eta erdi atzera eginez gero, sentitu nuen ezinegon berdina jabetu zen nitaz. Ohean sartu, meditazio ariketarekin hasi eta… topatu dut, bada, ezberdintasuna! Oraingoan, aldiz, hasieratik berriro hasteko burua prestatuago izaten saiatuko naiz, berriro lurra ez jotzearren… Izan ere, egun arraroak ere ez dira berdinak izaten.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide