Dosi txikietan

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2012ko uzt. 26a, 09:20
Zuriñe Etxeberria

@zurinetxeberria

 

Urtetan gure arbasoek borrokatu eta eskuratutako eskubide sozial eta laboralak iruzur ekonomikoaren aitzakia dela medio, egun batetik bestera, lapurtu nahi dizkiguten honetan,  alarma gorria piztuta bizitzera kondenatuak gaude.

Ruiz-Gallardonek bota duen azkenak alarma gorriak piztu ditu, beste behin ere. Espainiako Justizia ministroak igaro den asteburuan abortuaren lege berriaz aritu zen “La Razon” egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. Madrileko bulegoetan ari dira zirriborroa prestatzen eta udazken parterako prest izatea espero dute. Bitartean, ohi den bezala eta, badazpada, dosi txikietan, edukiaren ardatz nagusietako batzuk aireratu dituzte. Justizia ministroak esandakoaren arabera, prestatzen ari diren lege berrian umekiaren malformazioa ez da nahikoa izango abortatzeko eskubideaz baliatzeko.

Aurreko lege organikoak abortua hiru kasutan despenalizatzen zuen: umekiaren malformazioa dagoenean, haurdunaldiaren 22.en astera arte; bortxaketa kasuetan, 12.en astera arte; eta, amaren osasun fisiko edota psikologikoarentzako arriskua dagoenean, honetan ez zen eperik aurreikusten.

Esan bezala, eskumaren eskuin ertzean kokatzen den egunkari batean aireratutako dosi txiki bat besterik ez da Ruiz-Gallardonek aurreratutakoa. Erreforma bat egin behar duten bakoitzean, ohitura hartu dute aurretik bizpahiru gako botatzeko, osorik aurkezten dutenean, jendarteak hobeto asimilatuko duelakoan-edo.

Oraindik, zirriborroa prestatzen omen daude, baina emakumeon eskubide erreproduktiboen gainean askatasunean erabakitzeko gaitasunarekin bukatu nahi izango duten susmoa hartzen diot. Eta, aspaldiko kezkak berriro mahai gainean: gure gorputza den heinean, ez al dugu, bada, horren gainean erabakitzeko eskubiderik? Oinarrizkoa izan beharko lukeen eskubidea zapaltzeaz gainera, haurdunaldia eteteko asmoarekin klandestinitatera bultzatuko lituzke emakume asko, beren osasuna arriskuan jarriz. Eta hau bai dela arriskutsua zein kezkagarria.

Erne ibili, beraz. Gu, lurtarrrok, despistatuak nahi gaituzte beste esfera batean bizi diren politikariek. Oporretan pentsatzen jartzen garenean edota, besterik gabe, deskonektatzea erabakitzen dugunean, hori delako gustokoen duten momentua gure eskubideei artaziak sartzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide