Duintasuna

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2012ko eka. 28a, 10:44

Zuriñe Etxeberria

@zurinetxeberria

 

Estaltzen saiatu dira, baina horretan botere mediatikoak indarrik gogorrenak jarri dituen arren, isiltzen ezinezkoa suertatu da. Isiltzen ezinezkoak diren ahots biziak oraindik badirela ikusteak poztu egiten nau, gehienbat aldarrikapenerako tartea egoten jarraitzen duela erakusten baitu.

Eta, Internet horretarako bide izan da berriro ere. Mass media deiturikoak alde batera utziz, hauek zabaldu duten informazioa edo hobeto esanda, desinformazioa eta barreiatu duten kriminalizazioa aztertzea ez baita oraingoan nire asmoa. Medio txikiei, alternatiboei edota sare sozialei esker jakin izan dugu minutuz minutu zer ari zen gertatzen Asturias, Leon, Gaztela-Mantxa eta Aragoi aldean.

Testu hau idazten hasi baino lehenago hiztegira jo behar izan dudala aitortu beharra daukat. Titularra zein izango zen aspalditik argi banuen ere, hitzen liburuaren liburuak honi buruz zer azalpen ematen zuen jakin nahi nuen. Aintzat hartua izatea merezi duena omen da duintasunaren esanahia. Begirunea zor diogunari litzateke pertsona duina. Bat nator azalpenarekin, hala ere, zerbait falta zaiola pentsatzen dut. Ondoan, argazki bat erantsiko nion. Aurpegia emateko asmoz muturra estalita daramaten meatzarien erretratoari buruz ari naiz.

Hilabete pasatxo egin dute euren lanpostuaren defentsan borrokan atera ziren langileek. Espainiako Gobernuak hurrengo aurrekontuetan ikatz meatzagintzaren sektorean biziraupenerako beharrezkoak diren diru-laguntzak ez ditu aurreikusten. Ondorioz, 30.000 bat lagunek beren lanpostua kolokan nola ari diren uzten ikusten ari dira. Inolako lotsarik gabe 30.000 bat familia miseriara kondenatu nahi ditu gobernuak. Are lotsagarriagoa suertatzen da ikatz meatzagintza hiltzen utzi nahi duten bitartean iruzur ekonomiko honen erruduna izan den sistema bankarioa salbatzeko 100.000 milioi euro xahutuko dituztenean.

Borrokak hainbat forma eta kolore hartu ditu egunotan, adina ere ez da trabarik izan. Belaunaldi ezberdinek bat egin dute tiragoma eskuartean zutela. Putzuetan itxialdia aurrera eraman dute batzuek, besteek errepidean bertan poliziari aurre egin behar izan diote eta meatzarien emazteek ere Senaturaino eraman dute aldarrikapena. Orain, Madrileraino abiatu dira, 19 egunetan 400 kilometro baino gehiago egingo dituzte, beren lanpostuaren defentsan edozein gauza egiteko prest daudela beste behin erakutsiz. Izan ere, beraiek sinesten duten horren alde ez badute borrokatzen, zeinek egingo al du, bada? Besoak gurutzatuta, sofan botata eta telebistari begira itsu dagoen lagun gehiegi dago jendarte honetan. Horregatik diot borrokan tinko ari diren langile hauek nire begirunerik handiena merezi dutela. Duintasunaren eredu izatea lortu dute. Animo langileria!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide