Ez zaudete bakarrik

Erabiltzailearen aurpegia Zuriñe Etxeberria 2012ko mai. 26a, 02:00

Zuriñe Etxeberria

 

Insuficiente. Aurrera pausu bat ematen den aldi bakoitzean zenbait politikarik hain gustuko duten hitz berbera etorri zitzaidan aurreko asteazkenean burura Espainiako Barne ministroa den Jorge Fernandez Diazen hitzak entzun ostean. Dispertsioarekin bukatzeko zer nolako neurriak hartuko dituzten galdegin zion Iñaki Antiguedadek.

Finean, euskal presoen giza eskubideak urratzen noiz arte segituko duten. Barne ministroak, aldiz, ezetz. Mugitzeko asmorik ez dutela. Ankerkeriarekin jarraitu nahi dutela. Laudorioak indar polizialei, beste behin ere Fernandez Diazen ahotik.

Bitartean, 600 ohe baino gehiago hutsik daude Euskal Herrian. Bizi osorako kartzela zigorrak barra-barra, larriki gaixorik direnak barroteen artean mantentzen dituzte, senideak astebururo milaka eta milaka kilometro egitera kondenatuta daude. Honek suposatzen duen arriskuarekin. Sufrimenduaren istorioak frantziar eta espainiar gobernuek amaiezina bihurtu nahi duten zerrenda batean elkartu egiten dira. Tamalez, Araban ere, ankerkeriaren lumarekin idatzitako istorio horiek gertukoak ditugu. Adibide bat jartzearren: 2010eko abuztuan 30 urteko espetxe zigorra osorik beteta zuenean, Parot Doktrina aplikatu zioten Gotzone Lopez de Luzuriagari, zigorra 2019 urtera arte luzatuz. 2007an bularreko minbizia diagnostikatu zioten. Ebakuntza egin osteko tratamendua baldintza penagarrietan jaso du. Egun, Martuteneko espetxean dagoela tratamenduak eragindako minak eta bestelako ondorioak pairatzen ditu. Ildo berean, Jose Ramon Lopez de Abetxuko eta Jose Angel Biguri preso arabarrei ere doktrina berdina ezarri diete, nahiz eta biek gaixotasun larriak jasan.

Krudeltasun osoz diseinatutako salbuespen neurriak aplikatzen diete euskal presoei. Mina emateko eta etxetik urrun senti daitezen asmoarekin. Baina, oker dira. Asmo hori inoiz ez baitute lortu, ezta lortuko ere. Eta horren isla izan ditugu asteburu honetan Euskal Herri osoan bete diren 245 plazak. Herrira eta etxera ekarri arte kaleak betetzen jarraituko du hedatzen doan jendarte olatuak. Aldarria ozena eta zuzena da: oinarrizko eskubideak betetzen hasi behar dira Madril eta Paris. Mugitzeko garaia heldu da. Eta, insuficiente hitza bolo-bolo erabiltzen duten horiek argi izan dezatela, Gotzone, Biguri eta Abetxuko bakarrik ez dauden moduan, plazetako aulki guztiak bete arte, preso bakar bat ere bakarrik ez dela egongo. Horren adibide izango dute, berriro ere, ekainaren 9an Gasteizen izango den mobilizazioa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide