"Beti gozatzen dut Gasteizera natorrenean"

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Requejo 2016ko ira. 28a, 10:00

Charlotte McShane gure artean urtean sei hilabetez daukagun nazioarteko kirolarietako bat da. Gasteizen entrenatzen du munduko triatleta onena izan nahi duen australiar honek.

Charlotte McShane Australiako triatleta profesionala da. Duela 25 urte jaio zen Eskozian baina 16 urte zituela Australiara joan zen. 2013an 23 urtez azpiko Munduko Triatloi Lehiaketa irabazi zuen, eta duela gutxi Londreseko eta Liverpooleko triatloietan garaile izan da. Momentu honetan munduko zortzigarren triatleta onena da emakumezkoen artean, eta Australiako hoberena. Gasteizen bizi da urtean sei hilabetez beste 11 atletarekin, prestatzailearekin eta fisioterapeutarekin.

Eguraldi hobearen bila alde egin omen zenuen Australiara. Hondartzan bizi ahal izatea atsegina izango bazen ere, ziur kontinente aldaketa ez zela batere erosoa izan adin horretan.

Erronka handia izan zen. Ez da erraza ordura arte ezagutu duzuna atzean uztea –lagunak barne–,  baina adiskide berriak egin nituen Australian. Gainerako beste toki guztietatik hain urrun dago, atzerritik datozenek interes handia pizten diela eta ez zen hain zaila izan. Oraindik ere lagun ugari ditut Eskozian eta baita senideak ere; urtero bisitatzen saiatzen naiz eta etxetzat izaten jarraitzen dut.

Nola hasi zinen lehiaketa kontu honetan?

Txikitatik egon naiz kirolari lotuta. Familiari izugarri gustatzen zitzaion kirola eta aita eta ahizpa profesionalak izan ez arren lehiaketetan parte hartzen zuten. Beraiekin nindoan ni eta gertutik bizi izan dut, horrela sortu zitzaidan grina. Egun nahiko aukera dago umeak triatloian parte hartzeko eta poztekoa dela deritzot.

Gazteagoa nintzenean zinez lehiakorra nintzen eta triatloiarena egin nezakeen zerbait zela iruditzen zitzaidan. Oso natural ikusi izan dut beti, eta Australian eskola amaitutakoan beste probintzia batera joateko aukera izan nuen eta egungo entrenatzaile Jamie Turner-ekin prestatu.

Eskozian hazi zinen eta orain Australiaren ikurrinapean lehiatzen zara. Inoiz sentitu al duzu zure nazioari traizio egin diozula?

Eskozian bizi nintzenean oraindik ez nintzen lehiatzen, ez behintzat maila berean. Australian hasi zen nire bizitza profesionala eta Australiak izugarri lagundu dit atleta bezala garatzen. Beraz, zentzu horretan beti sentitu izan naiz australiar, herriak emandako babesagatik. Hala ere Eskoziar izateaz harro sentitzen jarraitzen dut.

Zein izan da zure garaipen esanguratsuena?

2013an 23 urtez azpiko Munduko Txapelduna izan nintzen. Ordura arte ez nuen horrelakorik lortu eta oraindik ere garaipen handiena da niretzat… momentuz. Olinpiar Jokoetan parte hartzea gustatuko litzaidake egunen batean, eta dominaren bat irabazi.

Aurten ez duzu Riora joateko aukerarik izan. Agian titular hauek hobeto sentiaraziko zaituzte: "Gorpuzkiak volleyball partidak jokatuko diren hondartzan"; "Gobernadoreak larrialdi ekonomikoa izendatu du"; "Australiar paraolinpiar bat pistola batekin mehatxatuta", zika…?

Olinpiar Jokoak dira kirol hau praktikatzearen arrazoia eta umea nintzenetik horietan parte hartzearekin amets egiten dut. Hedabideei dramatismoa gustatzen zaie eta horregatik ez dut nire iritzia aldatuko. Olinpiar Jokoak kirol honen gailurra dira. Zorionez nire babesleek ez didate laguntza kendu. Badakite non egon nahiko nukeen eta non egon nahi dudan etorkizunean, eta norabide horretan lan egiten jarraituko dugu 2020ko Jokoei begira.

Triatleten Top10-ean egotea nahikoa ez bada, zer egin behar duzu olinpiar taldean egoteko?

Australiatik hiru emakumezko eta hiru gizonezko doaz. Herrialde konpetitiboenetakoa da eta nekeza izango da olinpiar taldean sartzea. Erronka batere erraza izango ez zela banekien eta zoritxarrez ez naiz gai izan zein ona izan naitekeen erakusteko. Baina dena ondo baldin badoa etorkizunean podiumera maizago igoko naiz, hobetzen jarraituko dut, eta Tokion egongo naiz.

Nola izan ditzakezu lehiakideak lagun?

Gainerako australiar atletek ondo jarduten badute niretzat, kirolarentzat, Australiarentzat, babesleentzat… ona delako, horregatik nahi duzu besteak ondo aritzea. Baina, atleta profesional zarenean, garrantzitsua da jakitea lehiaketa batean zaudenean zugatik zaudela, eta hor zaudela ez australiar onena izateko, munduko onena baizik. Berdin dio australiarrak edo beste herrialdeetakoak garaitzen dituzun.

Berdintasuna al dago triatloian?

Nik esango nuke triatloia berdintasuna dagoen kirol apurrenetakoa dela, lasterketa ugari berbera dira emakume zein gizonentzat. Ordainsaria ere berdina da emakumea zein gizona izan, eta hori ez da kirol askotan gertatzen.

Dirua aipatu duzula, uste duzu diruak zure kirola ustel dezakeela?

Tira, triatloiak ez dauka beste kirol batzuek besteko aurrekontua, bereziki futbolarekin alderatzen badugu. Triatleta jarduten duten gehienek ez dute egiten arrazoi ekonomikoengatik. Diruak inola kirol hau aldatu baldin badu, hoberako izan da. Sariak gizendu dira azken urteetan eta hedabideen eta babesleen arreta gehiago daukagu orain.

Ezer berezirik egiten al duzu lehiaketetan parte hartu baino lehen?

Gure lehiaketak beste herrialde batzuetan direnez bidaiatzerakoan gauza asko gaizki joan daitezke. Horregatik uste dut onena ez tematzea dela, zerbait konkretua egiteko zure gain presio gehiagorik ez jartzea, eta datorrena datorrela lasai egotea, posible den heinean.

Lehiatzen ari zarenean zer datorkizu burura?

Lasterketa bakoitzak pare bat ordu iraun arren, lehiaketan bertan arreta jartzen ahalegintzen naiz: igeri egiten dudanean nire estiloan pentsatzen dut; korrika nabilenean nire hankak eta besoak zertan dabiltzan. Eta batez ere helmugara ahalik eta bizkorren iristea dut buruan!

Zein da zure eguneroko plangintza?

Egun bakoitza desberdina da. Orokorrean zazpi eta erdietan jaikitzen naiz eta zortzietarako korrika hasten naiz. Zortzi edo hamar kilometro korrika egiten dut eta ondoren apartamentura itzultzen naiz gosaltzeko. Hamar eta erdiak inguruan talde osoa igerilekura goaz eta lau bat kilometro entrenatzen dut. Arratsaldean bizikleta hartu eta 60 kilometro inguru ibiltzen naiz. Entrenatzaileak prestatzen dizkit entrenamenduak eta, beraz, ez dut zertan zenbaki eta estatistikez kezkatu.

Korrika egitea da gehien gustatzen zaidana. Edonon egin dezakezu, erraza da benetan, eta natural sentitzen dut. Igeri egitea da gutxien gustatzen zaidana eta nire ahulezia da baina hala ere gustatzen zait ahalegina egitea eta noraino irits naitekeen ikustea, helburuak finkatzea eta horiek betetzen saiatzea. Mendekotasuna sortzen du nolabait.

Ziur asko 23 urtez beherako Munduko Txapeldun izatea zure momentu onenetarikoa izan zen, baina txarrak ere izango zenituen. Pentsatu al duzu inoiz kirola uztean?

Bai, noski. Maiz. Nekatuta zaudenean, entrenatzeaz nekatuta zaudenean, gauzak ondo ez doazenean, etxetik urrun zaudenean, lagun eta senideengandik urruti… uste dut atleta guztiek beraien bizitzako momenturen batean zein bestean sentitzen duten zerbait dela. Amore eman nahi duzu, baina momenturen batean hobera egingo du, lasterketa on bat izango duzu, eta orduan jakingo duzu eusteak merezi izan duela.

Lasterketa eskas baten ondoren beti buruari bueltaka hasten zara eta “hau edo beste desberdin egin izan banu…”-ka. Baina ikasketa prozesuaren zati garrantzitsua da akatsak egitea ere, eta etorkizunean zuzentzen badituzu, ez dago arazorik. Iraganera joan ahal izango banintz, ez nuke ezer aldatuko. Kontent nago nagoen puntu honetan eta etorkizunean non egon nahi dudan puntuarekin.

Gustatuko ez balitzaidake edo disfrutatuko ez banu, ez nintzateke hemen egongo oraindik. Ezin dut pentsatu ere zer egingo nukeen triatleta izango ez banintz.

Dirudienez triatloia guztia da zuretzat.

Lehiatzen ari ez zarenean entrenatzen ari zara. Eta entrenatzen ari ez zarenean deskantsatzen ari zara ahal bezain pronto entrenatu ahal izateko. Beraz, bizitza osoak kirolaren inguruan bira ematen du. Baina garrantzitsua da ere entrenamendua amaitutakoan zerbait normala egitea. Agian kafe bat hartzea nahikoa da, entrenamenduari buruz izan ezik edozer gauzari buruz hitz egiten duzun bitartean. Deskonektatzea. Hori garrantzitsua da.

Lagunentzat denborarik?

Zoritxarrez ez daukat lagun minak nahi beste ikusteko aukerarik. Etxean nagoenean, Australian, beti ahalegintzen naiz denbora apurren bat beraientzat gordetzen. Baina zaila da. Dagoeneko ohitu naiz honetara, une askotan faltan baditut ere. Zorionekoak gara egun internetari esker dei bat egin eta beraiekin hitz egin ahal izateagatik, hori da egin ohi dudana.

Gauza askori amore eman behar izan diozu?

Ez pentsa. Hau egin izan dut eskola amaitu nuenetik, ez dut besterik egin, eta beraz ez diot ezeri ezetzik esan behar izan. Hau da ezagutzen dudan bakarra eta nik natural sentitzen dut.

Zein da zure lasterketa gogokoena?

Ez daukat lehiaketa faboritorik. Toki askotara joateko aukera daukat, eta guztietan disfrutatzen dut gehienetan. Baina munduko zein tokitan? Egia esan Euskal Herrian lehiatzea gustatzen zait gehien. Zorionez lasterketa ugari egiten ditugu hemen, eta lasterketa horien ibilbidea beti sartzen da hiri eta herrietako alde zaharretan eta zinez ederrak dira. Gainera, munduan ez dago beste tokirik hainbeste zale biltzen dituenik eta denek animatzen gaituzte ibilbidean zehar. Zoragarria da.

Zergatik ezin zarete urte osoan zehar Australian bizi?

Gure lehiaketak Europan dira gehienetan, eta askoz errazagoa da Stockholmera, Hamburgera… zirkuituko hirietara hemendik joatea Australiatik baino.

Entrenatzaileak duela zortzi urte bisitatu zuen Gasteiz, hiria bera, entrenatzeko aukerak, instalazioak… aztertzeko eta guretzat toki egokiena zela erabaki zuen. Eta ados nago. Gasteizen korrika egitea zoragarria da, hainbeste aukera dago! Bizikletaz ibiltzea ere bai, eta gidariak kontuz ibili ohi dira.

Guztia ez da hain erraz eta perfektua izango, baina.

Hizkuntzarena zailtasun bat da eta egoera batzuetan ez da batere erraza izan ulertaraztea, baina momentuz onik irten naiz. Jende gehienak ingelesez ez dakien arren, Gasteizko hiritarrak atseginak dira eta laguntzen saiatzen dira, eta nik ahalik eta hoberen aprobetxatzen saiatzen naiz dakidan gaztelania eta euskara apurra.

Gasteiz: onena, txarrena, eta hobetzeke.

Gehien gustatzen zaidana nire prestaketarako Gasteiz zein ona den da: korrika egiteko, bizikletaz aritzeko, eta igeri egiteko instalazioak primerakoak dira. Gutxien gustatzen zaidana? Beroaren kontua ez zait larregi gustatzen eta toki epelagoak behar ditut, baina Gasteizen batzuetan hotz izugarria egiten du, eskerrak maiatzetik irailera arte bakarrik ematen dugula hemen eta neguan Australiara itzultzen garela!

Ez dago zer hobetu egia esateko. Gure egonaldia bikaina da. Inoiz egon naizen tokirik onenetarikoa da eta Australian dugun tokia baino hobea da lehiaketetarako prestatzeko. Beti gozatzen dut Gasteizera natorrenean.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide