Martxoak 3

Martxoak 3: ahaztu behar ez den eguna

Erabiltzailearen aurpegia Urtzi Reguero 2016ko mar. 3a, 10:18

Gaurko eguna langileen egutegian gorriz, odolaren kolore gorriz, markaturiko eguna da Gasteizko, Euskal Herriko eta Estatu guztiko langile klasearentzat.

 1976 hartan ere, krisia ekonomikoaren karga guztia langileen bizkar gainera bota nahi zuten, eta martxoaren 3 hartan Gasteizko langile klasea ordezkatzen zuten Batzorde Ordezkatzaileek (Comisiones Representativas) greba orokorra deitu zuten, besteak beste, 6.000 pezetako soldata igoera aldarrikatzeko. Merezi du gogoratzea Batzorde horietan, sindikatuen eta alderdien gainetik elkartu zela langile klasea bere eskubideen aldeko borrokan. Egiazki, horrek ematen zion beldurra klase agintariari, eta horregatik izan zen erantzuna horren ankerra.

Frankismoaren itzala luzea da, eta Franco hil ondoren berehalakoan ‘demokrata’ bilakatu zirenek lehenagoko indarkeria berberaz erantzun zuten (Arias Navarro lehen presidenteari El Carnicerito de Málaga deitzen zioten gerra ondoko errepresioan izan zuen arduragatik). Ondo dakigunez, Gasteizen langile mugimendu indartsu hari emandako erantzunak 5 langile hil zituen. Eta ez dugu ahaztu behar hildako gehiago izan zirela ondoko egunetan Estatu osoan izan ziren elkartasun manifestazioetan. Hain zuzen ere, martxoaren 5ean poliziak langile bat hil zuen Tarragonan eta beste bat Alacanten.

Zalantzarik gabe, hildako hauek gogoan izan behar ditugu; baina martxoaren 3a 5 edo 7 hildakoak baino zerbait gehiago da, eta ikasgai baliotsuak ematen dituen eredu da orduko langileen borroka. Delako Batzorde horietan Gasteizen borrokan zeuden hainbat eta hainbat enpresatako langileak elkartu eta antolatu ziren; seme-alabak zaintzen eta etxeko lanetan ari ziren emakume langileak ere borroka horretara elkartu ziren. Eta hori da bide bakarra, garaipena eskuratzeko bidea.

Gaur, asko dira Gasteizen borrokan ari diren langileak. Nahikoa da goizean Gasteizko erdigunean paseatzea langileen manifestazio batekin topo egiteko. Astean behin bat aurki daiteke, erraz. Beraz, sindikatu eta ezkerreko alderdien beharra da borroka hauek guztiak bateratzea; sindikatuen gainetik, alderdien gainetik, langile klasea bakarra da eta modu bateratuan erantzun behar du. Gora langileon borroka!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide