Norabidea eta Norantzak

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2014ko urr. 17a, 02:00

Unai Villalba

Gaur, ostirala, pobreziaren aurkako nazioarteko eguna dugu. Aspaldian ohitura zen egun honetan “hegoaldeko” herri “txiroetan” zein egoera tamalgarrian zeuden entzutea. Azkenaldian ordea gauzak aldatuz joan dira, eta gaur da eguna non, batetik, hemen gertuko txirotasun datuak entzutea tokatzen zaigun (eta urrunekoak ahaztu?), eta bestetik, soilik pobreziaz baino, aberastasunaz ere hitz egiten den.

 

Pobreziaren aurkako eguna “ospatzen” den aste honetan, Credit Suisse-k esan digu aberats kopurua %24 hazi egin dela Estatu Espainolean azken urtean (milioi bat $ baino gehiago dutenak). Iaz ere hazi zen, % 13a. Eta hori krisi egoera bitartean, murrizketak egin “behar” ziren bitartean. Gertakari horren arrazoia burtsan jartzen du Credit Suisse-k. Baina, zer esan nahi du horrek? Ekonomia finantzarioa suspertzen ari dela. Eta ekonomia erreala? Enpleguak sortzen dituen ekonomia horrekin zer gertatzen ari da?

 

Estatu Espainola, Europa barruan krisiaren epealdian aberats eta txiroen arteko errenta desberdintasuna gehien hazi izan den herrialdea da, bueno bigarrena, Letoniaren atzetik. Estatuan 20 pertsona aberatsenek 9 milioi pertsonek, (populazioaren %20 txiroena zehazkiago), duten errenta kantitate berdina pilatzen dute. Populazioaren %10 aberatsenak, errenta totalaren %55a. Beraz, ekonomia errealean, desberdintasunak areagotzen dituzten politika ekonomiko, fiskal eta sozialak sustatu direla krisi bitartean erraz sumatzen da. 2007-2014 bitartean gobernuetan egon diren partidu guztiek egin dute hori: PP eta PSOE-k han, PNV, PSE eta UPN-ek hemen.

 

“Krisia”-ren kudeaketan guztiek norabide berdinean sartu gaituzte, baina gutxi batzuk aberastasunaren norantzan doaz eta beste asko pobretzearen norantzan goaz. Aberastasuna eta Pobrezia estuki lotuta daude. Bata existitzen delako bestea sortzen da. Txanpon berdinaren bi alde. Norabidearen bi norantzak. Kontua da dema honetan pobreziaren norantzan goazenak ez garela beste norantzan kabitzen. Jendearen gehiengoarentzat, sistema honetan ez dago itzulbide posiblerik. Ez ginake denak karril berberan kabituko. Bide berriak behar ditugu beraz.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide