Tartalariak Tartaloren lagunak ote?

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2013ko aza. 13a, 17:01
Tartalariak deiturikoak, Tartaloren lagunak ote? Bera bezain maltzurrak ote? Horregatik izango al dira epaituak? Ez ba, haiek Barcina entartatu zuten AHTren aurka protesta egiteko. Eta ekintza Frantzian izan bazen ere, eta berton paketan utzi bazituzten ere, Estatu Espainoleko “Justizia” bestelakoa omen da, “serioagoa” agintarien aurkako ekintzak epaitzerako orduan, frankismoaren izpiritu eta mitologia bizirik mantentzen duen Madrilgo Entzutegi Nazional horretan oinarrituta.

Istorio honetan, gure inguruko mendietako artzain eta artaldeen kalterako gose ase-ezina dutenak zeintzuk dira? Gure aurrekontu publikoetako milioiak eta milioiak xahutzen dituztenak, gobernuan dauden PNV eta UPN dira, eta mendiak zulatuko dituztenak euren enpresa konstruktora lagunak izango dira. Ez naiz sartuko AHTren aurkako argudioak azaltzen, mordoa direlako eta jende gehienak badakizkielako, eta beste batzuek are gardenago ulertzen dituztelako krisi garai honetan. Baina orduan zergatik doaz obrekin aurrera? Zergatik ezin gara libratu?


Tartaloren eraztunak “hemen nago, hemen nago” esanez bere presak zelatatzen zituen moduan, zeren preso gara gu? “Egina dago, egina dago” mezuaren inpotentzia barreneraino sartu nahi digute, beste aukerarik ez balego moduan. Bueno, mitologiako artzainak egin zuen moduan eraztuna ezin badugu kendu, behatza moztu eta amildegitik bota genezake… baina kasu honetan amildegi sozial, ekologiko eta ekonomikora garamatzatenak AHTaren bultzatzaileak dira!


En fin, istorioak modu askotara kontatu daitezke. Norberak aukeratzen du sutondo batetan entzundakoa hurrengo tabernan nola errepikatuko dien lagunei. Aste honetan nik gauza bat garbi badut: larunbatean Iruñako manifestaldi “golosala” dastatu nahi dudala. Seguru nago oraingoan, Tartalo gure alde izango litzatekeela.


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide