Energia: Kolapsoa edo trantsizioa? Teknikoa ala politizatua?

Erabiltzailearen aurpegia Unai Villalba 2013ko mai. 20a, 09:48

Unai Villalba

Duela gutxi Gasteizko lau kolektibok (Desazkundea, Fracking ez Araba, Mugarik gabeko ingeniaritza, eta Bio-nekazaritza), gure eredu energetikoaren inguruko jardunaldi potoloak antolatu zituzten. Lau egunetan, 14 hizlari gonbidatuek eta gainerako parte-hartzaileek piztutako hausnarketa interesgarriak lerro gutxitan laburtzea ezinezkoa denez, utzidazue galdera batzuk baino ez ekartzea hona gaurkoan, garrantzitsuenak ez izan arren.

Baliabide energetikoekiko daukagun menpekotasuna dela, eta hauen agorpena datorrela, gauzak asko aldatu ezean sistemaren kolapsoa gainera datorkigula ulertu nuen momentu bat baino gehiagotan. Kolapsoa zehazki zer ote, eta hori noiz ailegatuko ez zitzaidan oso garbi geratu ordea, lau edo hamabost urte bitartean baino ez omen zaizkigu geratzen.

Honen aurrean, efizientzia teknologikoan sinetsi eta gure despilfarroan iraun dezakegu, gehiegikeriazko bizitzak ematen dituen plazerei eutsiz, edo trantsizio itzel bat has dezakegu. Eta trantsizio itzela zer den ez dago oso garbi ezta ere. Orotariko kalkulu kontraesankorrak badauden arren, demagun energia kontsumoa %60an edo murriztu beharko genukeela, eta energia berriztagarrien ekoizpena ia zortzi aldiz biderkatu. Portzentajeak altuak dira bai, baina kontsumo murrizketarena ez omen da ikaragarria, ez ginateke kobetara itzuli behar, antza duela 30 bat urteko energia kontsumo kopurua da, ohitu gintezke, eta gainera gaur egun teknologia askoren efizientzia handiagoa da. Tira, konpongarria. Berriztagarrien ekoizpena horrenbeste igo daitekeenik kalte handirik sortu gabe ez dago horren garbi ordea.


Bueno: Gehiegikeriazko plazera eta kolapsoa edo trantsizio itzela? Txikitako jolas galdera batekin badu antzekotasunik, zer nahiago, “susto o muerte”?


Aukera bata zein bestea, ez dira horren erakargarriak, eta beraz galdera asko sortzen dira ondoren: Soluzioak nola onartuko ditu jendarteak? Eta hainbat kontsumori uko egin behar badiogu, erabakiak nola hartuko dira? Teknikoak eta zientifikoak izanen al dira? Ala irizpide politikoek gidatuak? Estrategia politiko-komunikatibo errazik ez dago, eta horregatik erabakiek irizpideen konbinaketa ere jarraitu beharko dute: teknika hoberenak hautatu bai, baina “hoberena” zer den definitzeko, balio politikoak behar ditugu finean, aldaketak noren onura edo kalterako izango diren hausnartzeko.


“Garaipenik ez da galtzekorik gabe” dio abestiak. Hori ulertu ez bitartean, kontsumoaren murrizketak errenuntzia latz moduan ikusiko ditugu, eta akaso askapenerako ikasketa prozesu moduan ikusteko ez gara kapaz izango. Nire lagunek kotxea gutxiago erabili beharko dudala esango didate… bueno, zuzen dira. Hori eta askoz gehiago egin beharko dut.


PD. Gogoeta hauekin hurrengo artikulu baterako gaia izan daitekeena datorkit burura. Hala Bedi irratiak antolatzen dituen mahainguruetako azken egunean, maiatzaren 29an, honako izenburua ikus dezakegu: “Alternativa popular a las instituciones, ¿existe?”. Alternatiba herritar hori existituko bada, nola sortuko dugu? Kolapsoaren ostean edo borondatezko trantsizio eta ikasketa prozesuan? Irtenbide teknikoetan oinarritua izango da, ala irizpide politikoetan?

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide