MINTZA + NET

Erabiltzailearen aurpegia Oreka IT 2016ko abe. 15a, 13:29
Aurreko udan oporretan nengoela, momentu berean bi mezu jaso nituen Whatsapp bidez; bata Ingalaterratik eta bestea Kataluniatik. Nahiz eta bi leku eta pertsona ezberdinengandik heldu, mezuek gutxi gorabehera berdina zioten: “Maider! Zelan?Mintzanet dinamikaren bitartez mintzapraktika egiten ari naiz eta nire bidelaguna/bidelaria zure laguna da!!”.

                   Kasualitateak kasualitate, Mintzanetek nire bi lagun kontaktuan jarri zituen. Alde batetik Gareth, Londreseko Euskal Etxean euskara ikasten ari den Galestarra eta bestetik Oriol, urteak euskara ikasten eman dituen Katalana. Biek ongi dakite zeinen garrantzitsua den mintzamena lantzea hizkuntza bat ikastean. Hizkuntza, erabiliz ikasten da eta euskararen irakaste prozesuan mintzamenari eman behar zaion garrantzia argi ikusi da azken urteetan, ahozko komunikazioari lehentasuna emanez. Baina nola praktikatu euskara Euskal Herritik kanpo bizi bazara?.

                  Azken urteetan komunikazio ohiturak zeharo aldatu egin dira. Informazioaren eta komunikazioaren teknologiek aldaketa sakonak eragin dituzte gizakion artean komunikatzeko moduan eta baita ikasi eta irakasteko prozesuan ere. Sarea da gaur egun komunikatzeko plaza nagusia. Teknologiaren erabilera geroz eta naturalago bihurtzen ari da eta zalantzarik gabe esan genezake hizkuntzen garapenean ere lagun dezakeela. Horren adibide argia dugu Mintzanet.

                  Mintzapraktika dinamika ugari daude herri ezberdinetan. Baina nola egokitu gaur egun bizi dugun komunikatzeko modu berri honi?. Mintza ohiturak aldatu egin dira eta atzerrian bizi izan garenok oso presente dugu teknologia berrien erabilgarritasuna. Hori da hain zuzen ere Mintzanet dinamikaren oinarria,munduko edozer txokotan egonda ere euskaraz hitz egiteko aukera eskaintzen duen proposamen berritzailea izanik. Bidelari bat (euskara hobetu nahi duen laguna) eta bidelagun bat (euskara ongi dakien laguna) jartzen ditu kontaktuan. Hortaz aparte, soilik ordenagailua, webkamera eta mikrofonoa beharrezkoak dira mintzatzen hasteko.

Azkenik, Teknologia berrieneta hizkuntza gutxituen arteko erlazioa estua dela esan genezake, ez soilik teknologia berriek beren eremua zabaltzeko hizkuntza gutxituak behar dituztelako, baita hizkuntza gutxituek aurrera egiteko teknologia berriak behar dituztelako ere.Hau horrela izanik, aprobetxa ditzagun bada gure eskura ditugun aplikazio eta dinamika berriak mintzatzeko. Animatu, eguneratu eta batez ere, mintzatu!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide