Lenkera, gaelera, aragoiera… Hitz Adina Mintzo bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Oihaneder Euskararen Etxea 2016ko ira. 19a, 10:51

Ikasturteko egitarau osoa irailaren 21ean aurkeztuko da, Arabako Campusean eguerdian eta arratsaldean Euskararen Etxean. Aurkezpenean Carme Junyent hizkuntzalariak "Nola akatzen dira hizkuntzak" hitzaldia eskainiko du.

Hitz Adina Mintzok zazpi hizkuntza gutxitu hurbilduko dizkigu 16/17 ikasturtean, urritik abendura bitartean. Hilero, hiztun ezberdinek, nor bere hizkuntzan aditua, hizkuntza bat aurkeztuko dute. Hizkuntzen egitarau osoa irailaren 21ean, asteazkena, aurkeztuko da, 12:00etan EHUko Letren Fakultatean eta 19:00etan Oihanederren. Zikloaren nondik norakoak azaltzearekin batera, bi aurkezpenetan Carme Junyent hizkuntzalari katalanak “Nola akatzen dira hizkuntzak” hitzaldia emango du.

 Junyentek hizkuntza ordezkapen edo heriotzaren prozesuek dituzten hiru faseak -komunitatea elebidun bihurtzea, transmisioa etetea eta hizkuntzaren heriotza- izango ditu hizpide. Izan ere, munduko hizkuntzen %50 azken bi faseetan dago, hau da, ziur asko atzera egin ezineko egoera batean. Beste %40 lehen fasean dago, prozesua iraultzea posiblea denean, alegia. Hitzaldia katalanez izango da.

 

Carme Junyent hizkuntzalaritza orokorreko irakaslea da Universitat de Barcelonan eta Grup d’Estudi de Llengües Amenaçades (GELA) taldeko zuzendaria. Hainbat libururen egilea ere bada; Les llengües del món (1989), Vida i mort de les llengües (1992), La diversitat lingüística (1999), El rol de les llengües dels alumnes a l’escola (2013)… Gaur egun etorkinen hizkuntzen eta eurekin egin daitekeen kudeaketaren inguruan dihardu lanean.

 

Hitz Adina Mintzok munduko errealitate soziolinguistikoaren perspektiba zabaldu eta aberastea du helburu. Euskaldunok ondo dakigu zer den hizkuntza gutxitu baten hiztunak izatea. Testuinguru honetatik abiatuz, zikloak munduko hizkuntza aniztasuna balorean jarri eta ezagutarazi nahi du. Saio bakoitzean marko teorikoa eskaintzeaz gain hizkuntzaren oinarrizko kontzeptuak ikasteko tailerrak egingo dira. 2. ikasturte honi maiatzean emango zaio amaiera Udaberri jaia hizkuntza gutxituen musika jaialdiaren edizio berri  batekin.

 

Zikloaren lehen ikasturtean, 2015/2016, galiziera, nawatera, galesera, asturiera, tamazightera, gaskoiera eta kurduera hizkuntzak aurkeztu ziren (ikusi zikloaren bloga).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide