Kontraeskaintza

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2016ko api. 7a, 16:56

"Hona hemen kontraeskaintza: musu-truk emango dizkidazue eskolak".

Zeure mezua eskertuz hasi nahi nituzke lerrook, Masterraren arduradun jauna. Ezustean harrapatu nau zeure e-mailak, bi urte eta erdian estreinakoa, zertarako eta lan eskaintza baten berri emateko. Gogotsu ekin diot xehetasunak irakurtzeari, ikusita dozenaka ikasle ohiri bidali diguzula, CVa aurki bidaltzeko prest. Baina irakurtzen bukatu orduko, zaila egin bazait ere, ez bidaltzea erabaki dut. Azalpen bat merezi duzulakoan, hemen eta orain ematea erabaki dut.

Ez gaizki hartu, proiektuak itxura ona dauka. "Mundu mailan ondasun ekologikoen zabalkuntzan, marketinean" arituko den webgunea garatzen ari omen dira enpresaren sortzaileak, eta "inplika daitekeen" norbaiten bila dabiltza. Guzti horren arabera profil aproposa daukadala esango nuke, bizio aitorrezin batengatik izango ez balitz: jan beharra daukat, Masterraren arduradun jauna. Egunean hiru aldiz, posible izatekotan. Eta zoritxarrez, mezuan diozunez "hautagaiak musu-truk egin beharko luke lan". Ez dut ukatuko itxaropenerako arrazoiak badirela. Izan ere "gauzak ondo joanda [...] aukerak egon daitezke".

Zeure filosofia honek konbentzitu nauela erakutsi nahian, hona hemen kontraeskaintza xume bat: hurrengo ikasturtean zuen fakultatean izena emango dut, eta zuek musu-truk emango dizkidazue eskolak. Ostera, gauzak ondo joan ezkero, nik kreditu horiek ordaintzeko aukerak egon daitezke. Nolanahi ere, zuen partetik inplikazioa egotekotan. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide