Errenazimentuko gizona

Erabiltzailearen aurpegia Oihan Txabarri 2016ko ots. 5a, 12:41

"Orduan agertu da estatistikoki saihetsezina den ergel hura"

 

Egun osoa daramagu Oviedon eta, egia esan, jendea ezin atseginagoa izaten ari da gurekin. Futbolak sortzen duen lehia sano horren usaina dago airean. Obligazio turistikoak beteta (nekez amaitu dugun cachopo erraldoia barne, prefosta) partida aurreko azken garagardoa edatea besterik ez zaigu falta. Horretan ibili gara ordu erdi luze hiru asturiar jatorrekin, hasierako hamaikakoak elkarri esplikatzen, plazatik alde egin eta bakarrik utzi gaituzten arte. Orduan agertu da estatistikoki saihetsezina den ergel hura: gera zaitez nahikoa denbora izkina batean, eta ergel bat pasatzearen probabilitatea batera hurbilduko da.

Hasiera batean, guregandik bost metrora-edo abertzaletasun erakusketa egin digu — "¡Arriba España!", besoarekin taxi imaginarioa geldiarazten zuen bitartean— eta ikusirik horrek ez gaituela bereziki asaldatu, hainbat balorazio pertsonal egitera etorri zaigu. Hasieran pentsatu dugu faxista bat besterik ez zela, baina ez horixe. Errenazimentuko gizon baten aurrean gaude, hainbat diziplinatan aditua: zoologia ("kabroi batzuk zarete"), psikologia ("koldar halakook"), historia garaikidea ("bonbak jarri eta haurrak akatzen dituzue"), zuzenbidea ("neure etxean zaudete, hemen nik agintzen dut"), baita Gandhi lotsagorritzeko moduko bakezaletasuna ("ez zaituztet joko, jatorra naizelako"). Ikusirik inork ez diola eskola magistrala bertan behera uzteko eskatzen, erabaki dugu piper egitea. Plazatik lasai asko alde egin eta estadiorako bidea hartu dugu, bidetik (umore onean gaudenez eta jaieguna izanik) haur bakar bat ere akatu gabe.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide