Berriro hastea

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon 2017ko urt. 13a, 12:26

"Gero eta azkarrago ahazten dugu iragana, botatzen dugu zakarretara".

Otarrainxken buruak, polboroi-zorroak, arkumearen hezurrak eta beste hamaika jakiren soberakinak plastikozko poltsan sartu, kalera jaitsi, zakarrontziaren ahoa ireki eta hara non ikusi dudan bere barrualdea 2016ko egutegiz betea. Erraz irudika dezaket norbait sukaldeko hormatik egutegi zaharra kentzen, esku artean bihurritzen eta zakarretara botatzen. Beharbada, kenduko zuen amorruz, iragan urteak utzi dizkiolako miseriak, tristurak eta negarrak zientoka. 

Gero eta abiada biziagoan doan munduan, gero eta azkarrago ahazten dugu iragana, gero eta ezaxolago botatzen dugu zakarretara, eta gero eta gutxiago ardura digu etorkizunak, biharrak, biharamuneko egunsentiak. Hala nahi gaituzte, ilaran aurrekoari segi egiten dion inurria, bururik altxatu gabe, ez aurrera ez atzera begiratzeko, etengabeko orainaldi inperfektuan. 

Abenduz, bankuek egutegi berriz betetzen dizkigute eskuak. Urtarrilez, egutegi zaharrez betetzen ditugu zakarrontziak. Erraz irudika dezaket esku bat sukaldeko hormatik egutegi zaharra kentzen. Beharbada, kenduko zuen amorruz. Eta gero, haren ordez, akaso ilusio neurrigabez, urte berriko egutegia jarriko zuen, aurten espero dituelako beti ukatuak zaizkion loriak, pozak eta irribarreak, jakin gabe, egutegian beti gaurko egunari begira dagoena bere eguneroko istorio zimel bera errepikatzera kondenatuta dagoela, behin eta berriro.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide