Eureka! (II)

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon 2016ko eka. 30a, 10:31

"Igual komeni da isiltzea, neba-arrebari hitz egiten uztea"

Jarrai dezagun Arkimedes lagun zaharraren arrastoan; gaurkoan, lagunkoi. Haren ikasgaia laburbiltzeko, bi gorputz besterik ez ditugu behar: bainua hartzen ari dena eta kanpoan zain dagoena, baineran ez baita egoten, salbuespen ondo ordainduak salbuespen, birentzako lekurik.  

Herri zaratazalea da gurea, ez dago horretan inolako zalantzarik. Maite ditugu bazkalosteko kalejirako batukadak eta gaueko kontzertuetako bi dunbaldun bateriak. Beharbada horregatik kosta egiten zaigu ulertzea, gure ahotsa entzunarazteko, badagoela oihu eta garrasi ibiltzea baino metodo hobeagorik: ingurukoak isiltzea. 

Amak, Arkimedesen jarraitzaile sutsuak, sinple esplikatzen zigun: "atera zaitez behingoagatik baineratik, azala zimur-zimur eginda daukazu-eta, eta utziozu lekua zure arrebari!". 

Ez dago beti borrokan ibili beharrik baineran sartzeko. Are gutxiago etxe barruan. Azala zimurtzen ari zaigula ohartzen bagara, igual komeni da isiltzea, neba-arrebari hitz egiten uztea, koordenada berrietara begiratzea, pribilegioei uko egitea, erreferentzia berriak bilatzea. 

Hiriburu berriak behar ditugu Euskal Herrian, errealitate berriak biziko baditugu. Eta lur idortuetan ez da paradigmondo eta paradigma berririk loratzen ahal. Ematen du, beraz, bustitzeko ordua iritsi zaigula arabarroi (ere bai). Ea lekutxoa uzten diguten baineran.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide