Eureka (I)

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Ayllon 2016ko mai. 5a, 11:08

"Batentzat dago lekua baineran. Ni sartu aurretik, berak atera beharko du".

Arkidemesek aspaldi irakatsi zigun nahi izatearekin ez dela aski. Oso aspaldi izan zen, eta, akaso, ahaztu egingo zitzaigun horregatik.

Demagun, bainu bat hartu nahi dugula. Baditugu: ura, bainera betetzeko; bainera, urez betetzeko; gatzak, ura gozatzeko; xaboia, garbitzeko; esponja, igurzteko; eta, jakina, bainua hartzeko nahia (baita, igual, beharra ere, ez baitira garairik onenak uretatik kanpo bizitzeko). Baina komunean sartu, errezela ireki eta, hara non, beste norbait aurkitu dugun bainera barruan. Nahiko genuke bainatu, baina salbuespen ondo ordainduak salbuespen, pertsona bakar batentzako lekua dago baineran.

Ni sartu aurretik, berak atera beharko du. Edo, halako batean Arkimedesekin akordatzen banaiz, ni barrura sartu eta bera kanpora bultzatu beharko dut.

Geure garaiko betaurrekoak jantzita, irakasgaia aski arrunta eta erraza da: baineran bere gorputza sartzea lortzen duenak hartuko du bainua. Besteak komun hotzean itxaron beharko du txanda, zorte pixka batekin, toallan bilduta.

Laudion, bi alderdik, EH Bilduk eta EAJk, akordio handi bat sinatu berri dute, herriaren geroa margotzeko balioko duten proiektu esanguratsuekin. Eta nola bainera barruan herri eredu bakar batentzako lekua dagoen, bi alderdietako bat kanpoan geratu da, nahitaez. Biluzik eta hotzak. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide