Intoleranteak

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2016ko ira. 20a, 11:11

Normalizatu gabeko hizkuntza ahaztu, eta normalizatu gabeko hautagaiak gogoratu beharraz.

(Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua)

Tira, aski komentatua izan da ETB1eko hauteskunde-debatea. Hor dago, batetik, poz erlatibo bat, azken urteotako joerekin alderatuta sekulako audientzia izan zuelako. Sekulakoa badiogu, gaizki ohituta gauden seinale da; baina tira, ez gara beti negarrez ibiliko. Eta hor dago, bestetik, herri honetan nahitaezkoa den beste gaiaren aipamena, erlatiboa ez den tristura ekarri duena. Beste testuinguru batzuetan gehitxo aipatzen den hizkuntza-maila eskasa nahitaez aipatu beharra dago debatea aztertzerako orduan. Azken finean, saioa bera baldintzatu zuen osagaia izan zen.

Edozein sasiartetatik filologo zonbi saldo batek lepora salto egiteko arriskua dago gure herri honetan. Badago jendea, besteei zuzentzerakoan halako plazer perbertso bat sentitzen duena. Gasteizen, lagunartean, askotan aipatu dugu euskalduntze prozesuan daudenengan halako jendeak duen eragin okerra. Nagusitasun-begirada izaten du, askotan, oinarri: ni hemen goian nago, zu hor behetik zatoz, eta ahalegindu beharko duzu honaino igotzeko. Ufa, majo kosta behar zaizu.

Harakiria egiteko puntuan egongo ziren, halakoak, telebistan debatea ikusi bazuten. Usabiagak edo Maddalen Iriartek hitza noiz hartuko zain irudikatzen ditut, arnasa apur bat hartzeko. Eta, zoritxarrez, arrazoi ematen diet, testuinguru horretan bai behintzat. Bat egiten baitut orain egun batzuk Jokin Labaienek Berrian idatzitako honekin: “Pentsatuko du baten batek euskaraz jarduteko ahalegina eskertu beharko geniekeela, saiatze hutsagatik. Ezetz esango nioke.”

Filologo zonbiek euskaltegietako ateetan guardia egiten dutenean bezain arrazoi gutxi dute lehendakaritzarako hautagaien euskara maila baxuaren aurrean tolerantzia eskatzen dutenek. Horrexegatik, hain justu: lehendakaritzarako hautagaiak dira debatean parte hartu zutenak. Jendea konbentzitu behar dute. Erretorika-baliabideak behar dituzte. Hautagai batek, hizkera estatubatuarrean hitz eginda, debate bat hizkuntzaren erabilera okerragatik galtzen badu, hautagaiaren errua da, ez hizkuntzarena. Baita hizkuntza hori normalizazio prozesuan dagoenean ere. Jar dezagun fokua jarri behar den lekuan; has gaitezen normalizatu gabeko hautagaiez hitz egiten, normalizatu gabeko hizkuntzari hainbeste erreparatu gabe.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide