alea.eus

Erromatar legioaren dortoka

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2016-06-03 09:03   Iritzia

Gure herria, Aramaio, UEMAn dago, eta harro gaude horretaz.

 Ez gaude harro UEMAn sartuta dagoen Arabako herri bakarra delako: eskerrak hau ez den lasterketa bat, edo piramide bat. Harro gaude, UEMA sortu zenean, bertan sartzeko moduko hizkuntza-egoeran zegoelako Aramaio. Eta, hori, ez dakar bakarrik eremu geografiko zehatz batean egoteak, edo eskualde zehatz bateko herriekin harremana izateak. Gure udalerriko herritarren determinazioak eraman du Aramaio, gaur egun dagoen egoera linguistikora. Nahi baino gutxiago azpimarratzen da hori.

Semaforo soziolinguistikoa buru barruan txertatuta daramagunok, eta eguneroko bizitza eta euskararen erabileraren analisia bereizi ezin dugun obsesibook, sufritu egiten dugu UEMAko herrietan. Adibidez, parkean, bikote misto baten, hau da, elebidun batez eta elebakar batez osatutako bikote baten umeak gure umeari gaztelaniaz egiten dionean. Tentsioan jartzen gara. Hor zerbait ez dagoela ondo iruditzen zaigu. Arnasgunearen birikak zuloa duela. Edo kanpoko familia bat datorrenean gurera bizitzera. Eta beraien umeek ez dakitenean euskaraz. Eta gureekin gaztelaniaz egiten dutenean, erantzunik jaso gabe. Zer gertatzen da hor.

Gainera, umeen kasuan handiagoa da tentsioa. Babestu egin nahi izaten ditugu. Gaztelaniaz egiten dietenean gaizki pasako balute bezala. Beraien aurkako eraso bat balitz bezala. Kasu horretan, non dago hizkuntzaren presioa? Zeinen aldean?

Iruditzen zait asko aipatzen dela hiztun komunitatea, eta garrantzitsua dela, baina uste okerretarako bidea ere zabal dezakeela. Komunitatea ez da burbuila. Komunitatea zerbait bada, harreman multzo bat da. Harreman horretan hizkuntza batek baino gehiagok hartzen du parte, egunero, Aramaion eta Gasteizen. Saia zaitez uretan zulo bat egiten, eta gero hitz egingo dugu.

Tentsioan jartzea ondo dago, baina kontua da tentsio hori nola kudeatu. Defentsa-mekanismorik onena eraso bat omen. Galdera da zein den erasorik eraginkorrena: erromatar legioaren dortoka ez, behintzat.

(Estreinekoz, Info7 irratiko Gureaz blai saiorako idatzi eta grabatua)

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa