Basque oral poetry

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2015ko uzt. 13a, 02:00

Manex Agirre

8 urtean zehar igande gauez emititu ondoren, bukatu ditugu Celosamente gordearekikoak. Gaizka Amondarainek eta biok, irratian “literaturarekin lotutako zerbait” egin behar genuela eta, martxan jarritakoari ez naiz hemen brotxea jartzen hasiko, nahikoa despedida egin baitiogu jada, programa hirukoitz batekin. Balio beza, dena dela, Hirineteko plaza honek, saioaren barruan noizbehinka ekarri ditugun gonbidatuei zinezko eskerrona adierazteko. Zerrenda ez baita makala: Hibai Iztueta, Jon Benito, Beñat Sarasola, Eneko Barberena, Nagore Tolosa, Angel Erro, Enekoitz Etxezarreta, Danele Sarriugarte, Hedoi Etxarte, Edu Zelaieta, Diego Martiartu, Garazi Arrula eta Iratxe Esnaola & Ion Olano konboa. Eta, bide batez, inork saioren bat gogoratzeko gogorik balu, begira beza gure tiraderan.

 

Lanaz gain, gure buruari galderak egiteko bidea ere ireki digu saioak. Izan ere, literatura (testu literarioak, narratibitatea, eta abar luze bat) idatzi-irakurtzeko kanalari erabat lotuta ekarri digu historiak, eta hala jarraitzen du,  gaur egun ere. Noski, literatura izaten jarraitzen du esan-entzutekoa denean ere, edukia ez baita aldatzen (ustez). Irratian irakurtzeko testuak (horixe izan baita, oinarri-oinarrian, Celosamente gordea) idazten, aukeratzen edo prestatzen aritu garenetan, maiz erne zaizkigu hainbat zalantza. Eta, hona ekarriko ditut, erantzunik gabeko galdera-forman, nire alferkeriaren (edo koldarkeriaren) adierazle:

 

·         Edozein literatur testuk balio al du irratian edo jendaurrean irakurtzeko? Hau da, ahoz eman eta belarriz jasotzeko?

·         Ez badu balio, zilegi al da literatur testu hori moldatzea, aldatzea, egokitzea, idazle-irakurle harremanetik esale-entzule harremanera pasatzerakoan? Kanal aldaketa ba al da nahikoa aitzakia aurrez sortutako edukiari “traizio” egiteko?

·         Ahoz emateko eta belarriz jasotzeko testuek, ba al dute ezaugarri propiorik?

 

Eta, noski, inor ez dut engainatuko, bere burua erantzuten duten hiru galderarekin (teknika ezin koldarragoa hau ere) amaituko dut:

·         Zergatik ez dago Euskal Herrian spoken word, slang edo zuzeneko literaturaren adibide egoki gehiago? (Adibide egokitzat jotzen dut, adibidez, hau. Ez da spoken word; testu bat, dagozkion moldaketak egin, eta egoki irakurtzearen adibide on bat baizik)

·         Zergatik egozten diote zenbaitek bertsolaritzari, aurrekoak izan beharko lukeen lekua? Zergatik ez diote bere espazio propioan lasai egon dadin uzten? Zertara dator bertsoa literatura (idatzia)ren zakuan sartu eta egokitu nahi zorioneko hori?

·         Zergatik ikusten ditugu gurean hainbat eta hainbat “poesia emanaldi”, “errezital”, eta antzerako, idatzi-irakurtzeko kanaletik zuzenean hartutako testuak erabiltzen dituztenak, kanal aldaketa kontuan hartu gabe? Hau da: zergatik beste harreman mota baterako sortutako testuez baliatzen diren hainbeste emankizun?

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide