Elkarrizketa demokratiko gehiago

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2015ko mai. 26a, 02:00

Manex Agirre

 

Letra hutsaren zale garenoi ere grafiko aurpegia jarri zaigun egunotan, Ruben Sanchez Bakaikoa (AKA @arlotea)  lagunak ekarri dit hizpidea, bere “Maroto efektuarekin”. Hala dio: “Kalera atera gara ezezagunei zehar-begiratuak botatzen, non daude? Hau izango ote da? Aja! Irrifar txikia duen horrek seguru eman diola botoa Marotori. Izan ere, Gasteizen beti gertatu izan da gauza bitxi bat: PPri inork ez dio botoa ematen eta gero… zaska! 9 zinegotzi!”.

 

Hauteskunde emaitzetako sorpresen atzean beti dagoen “jende hori” aipatu du Rubenek. Nork eman dio botoa Marotori? Edo, hobe esan, nork aldarrikatu du lau haizetara  Marotori botoa eman diola? Ados, askok bai, zuritu ezin diren jarrera arrazistak zuritu ditu harrokeriaz, laguntza justuagoen alde jarri du bere justizia partikularra. Beste askok, ordea, isilik iraun dute, edo zarata handirik atera gabe: twitterren eta facebook-en beren iritzia ematen ez duten horiek, El Correoko berrien azpialdeko komentarioetan goitizenez sinatzen dutenek, zu eta ni bezalako herritarrek.  

 

Ikuspegi idealista samar batetik, polita iruditu ahal zaigu, jendearen joerez, pentsaeraz eta izaeraz gero eta gehiago dakigun honetan, kalean gurutzatzen dugun edozeinek boto-kutxa aurrean zer egin dezakeen ezin jakitea. Bestearen terreno pribatuan sartu ezin dugula pentsatzea, sartzeko intentziorik ez dugunean ere.

 

Noski: gu ez gara ondokoaren terreno pribatuaren gaineko jakinmina dugun bakarrak. Are gehiago: jakinmina duten beste zenbaitek, ez dute jakinmina bakarrik, eragiteko gogoa ere bai (asmo guztiz zilegia, noski. Politikak horretan datza, gutxi asko). Kontua da, eragiteko asmoa duten horietako batzuek (ikusten duzue nola doan zirkulua gero eta estuago) botere mediatiko eta politiko handia dutela, interes propioetarako nahierara erabiltzeko tentazioa izaten dutela.

 

Ez naiz ezer berria esaten ari. Pentsaera-korronteak moldatzeko gaitasun handiagoa, zoritxarrez, nork duen ohartzea da kontua. Ruben Sanchezek proposatzen dituen “elkarrizketa demokratiko” gehiago izanez gero, agian. Baina hala ere, zaila.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide