Diada frikia

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2013ko ira. 23a, 09:17
Manex Agirre

Kalatanek egin dutena handia izan da. Iraila bera sorpresaz hasteko modukoa. Izaten baitugu, arranke egunotan, norbaitek atzetik bultza egiteko beharra, ondoren abiada hartu eta geure kabuz aurrera egiteko (ikasturteaz ari naiz, ez independentziarako bideaz... Horretarako apur bat itxaron beharko dugulakoan nago).

Distantziak hitz egiten du gure ahotik, noski: Katalunian, mugimendu oso baten tripetan dabilenak aurkituko dizkio gurik borobila iruditzen zaion bulkada horri benetan dituen ertzak. Beti gertatzen da berdin, gauza guztietan. Baina gauza bat da ukaezinekoa: olatuak indarra hartzen duenean, haren kontra egindako saiakerek olatua indartzeko besterik ez dute balio. Elikatu egiten dute gehiago (eta, irudiak berdin balio du munstro batentzako, zein kolektibo baten ideia komunerako). Kontabilizatu eta guzti egin daiteke, kasi: Intereconomíak hegazkin bat bidaltzen duela pankarta batekin, 20 katalan independentista gehiago, Raxoik gehiengo isila aipatzen duela, 30 katalan independentista zaratatsu gehiago. Nonbaiten egongo zen inflexio-puntua, edozein mugimendu sozialek behar duena, mugimendu hegemoniko izan aurretik. Katalanek lortu dute.


Dena dela, beste kontu batek sinestarazi dit, osoki, katalanen apustua irmoa dela, atzera bueltarik gabekoa. Ekitaldi publiko masibo batek, gaur egun, atentzioa deitzeko asmoa badu, izan behar du bere jende kurioso multzotxoa. Muybastos.com blogean aurkitu dugu Diadakoa: independentista frikien argazki multzoa. Championsaren final batean edo Madonnaren kontzertu batean bageunde bezala. Gure agerraldi publiko masiboetan horrelako gauzak ikustea ohikoa denean hasiko naiz pentsatzen atzera bueltarik gabeko bidean goazela.

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide