Ez nago ados zurekin gauza batean, Gaizka Amondarain

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2012ko abe. 20a, 09:34

Manex Agirre

@manexagirre

 

Orain gutxi hirineteratutako artikuluan honakoa zenioen: “argi geratu da ez zaigula inor etxe atariraino etorriko, tinbrea jo eta gurekin oheratu nahi duela esatera.” Esango nuke hori gertatzea errazagoa dela, gaur egungo zenbait erakunde publikok hizkuntza politika eraginkor baten aldeko apustua egitea baino.

(Ikusten duzunez, ironia kutre bat besterik ez zen, zer eta zuri arrazoia emateko, Gaizka. Beraz, barka atrebentzia...)

Gaur egun, normalizazioaz ari garela, zaila da entzutea, gurean behintzat, hizkuntza gutxituen sustapenaren aurkako diskurtso edo mezurik (eta, baldin badago, euskaltzaleen artean nolabaiteko sua pizten du, gutxienez). Oraindik gutxiago euskal erakunde publikoen aldetik: esango nuke, hala pentsatzen duena ere ez dela hainbesterako ausartzen. Nahiz eta askok “euskararen alde daudela” esan ondoren “inposiziorik gabe” esamoldea txertatzen duten automatikoki, batak bestea berez balekar bezala, oso gutxi dira “euskara sustatzearen kontra” daudela esaten dutenak. Beti ere, gurean gertatzen denaz ari naiz, noski: beste gauza bat da Madril.


Gauzak bestelakoak dira, ordea, praktikara pasatzen garenean. Hizkuntza baten normalizazioa egiteko modu bat baino gehiago egon daiteke, edo erritmo bat baino gehiago, nik zer dakit. Baina ez daude normalizazioa egiteko ehun edo mila modu. Eta, zorionez, herri honetan, urteen poderioz zer egin eta nola egin ikasten joan gara, eta ezarri ditugu oinarri batzuk, akatsetatik ikasiz eta berrikuntzak onartuz. Iruditzen zait baditugula, soziolinguistikan, oinarri batzuk, adostasun orokor batzuk. Zenbaitzuek entzungor egiten duten arren.


Politikari onak (eta ez da oximoron bat; badaude halakoak) koherentziaz jokatu nahi badu, beste batzuen aholkuak jasotzen utzi behar dio bere buruari. Erabakiak hartzen dituenak aholkuak behar ditu, jarraibideak, aurrez egindakoaren analisiak, diagnostikoak; eta hobe dakienaren ahotik badatoz. Ez gara orojakileak (eskerrak!).


Guk, bitartean, gure tinbrea jotzen duenari euskaraz edo erdaraz egin behar diogun zalantzan segiko dugu, estres linguistikoak jota.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide