Arabako bertsolaritza ez da normala

Erabiltzailearen aurpegia Manex Agirre 2012ko urr. 18a, 08:49

Manex Agirre

@manexagirre

 

(etxe aldera eskobatzea tokatzen zait, euskara txarrean (onean?) esanda)

30 urte bete dituzte 2012an Arabako bertso eskolek. Gasteizko Txustan eta Aretako Tunelen elkartzen ziren ausart batzuei esker dago panorama orain dagoen bezala. Eta nola dago? Bada, atrebituko nintzateke esatera, Araban euskararekiko atxikimendu aktiboa duen orok ezagutzen dituela arabar bertsolariak, eta baduela Arabako bertso-mugimenduaren berri. 1982an pentsaezina zena, egia bihurtu da.

Bertsolaritzak indar berezia nonbait badu, bidea erraz duen lekuetan da hori, logikoki. Hizkuntza du langai bertsogintzak: euskararekin du ezinbesteko lotura, beraz, euskararen osasunarekin ere bai. Euskara bizi-bizirik dagoen eremuetan bertsoa erraz doa, natural, gizarteak normal onartzen du.

Baina Araban gaude gu… eraikinaren zazpigarren solairuan. Igogailuak energia-gastu handia egin behar du honaino iristeko. Lur eremu latza izan da hau, urtetan, bertsoak bere bidea eroso egin dezan…

Eta, galdera: zertan eragin digu horrek arabar bertsolarioi, eta Arabako bertsogintzari oro har? Bertsoak bidea erraz, natural, normal egin duten eremuekin alderatuta, jauzika ibili gara gu, ahuntzak bezala. Inbidiaz begiratu diegu azpiko solairuetakoei, eta desio izan dugu bide lau bat gure aurretik… Eta jardun gara beraiekin elkarlanean ere, bide lau hori lortzeko.

Kontua da orain arteko bideak berak adierazten duela ondoen gaur egungo arabar bertsogintzaren izaera. Arabako bertsolaritza ez da normala: bizia da, ukitu makarra batekin, erresistentea, forma asko hartzeko gaitasuna duena. Festazalea izateaz gain serioa izaten ere badaki, hala dagokionean.

Normala da, euskararen presentzia guztiz normala ez den lekuan, normala ez den bertsogintza sortzea. Ospa dezagun bada.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide