alea.eus

Google Maps

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2017-01-27 12:00   Iritzia

"Iruditzen zaigulako pantailaren magiak exotikotu egiten dituela bizipenak...".

Txikitan, telebista zen etxean geneukan pantaila bakarra, eta han ikusten genuena urrunekoa iruditzen zitzaigun beti: bestaldekoa nolabait. Pantailaren hesi gardenak bereizten gintuen lurtarrak eta kutxa haren barruko biztanle glamuroso eta biziki interesgarriak.

Orain, edonor ager daiteke edonoren pantailan. Horregatik gustatzen zaigu, beharbada, gure fotoak igotzea sare sozialetara: iruditzen zaigulako-edo pantailaren magiak interesgarriagotu eta exotikotu egiten dituela gure hazpegiak, bizipenak, gure eguneroko leku ustez aspergarriak. Sar zaitez, esaterako, Google Maps-en: idatzi zure etxeko helbidea, handitu zooma guztiz, eta street view delakoan sartuko zara brastakoan. Zeinek eutsiko dio norberaren egunerokoak pantaila batean ikusteko tentazio zirraragarriari? Hortxe begiztatuko dituzu, munduaren ziberleiho irekitik, zure ataria, betiko okindegia, pareko zaborrontzia, eta, deskuiduan, agian baita zure kotxea ere, kale-bazterrean txintxo aparkatuta. Auto kameradun bat pasatu zen behin handik, eta harrapatu zuen dena. Begira ezazu ondo: akaso, izkina batean, ikusiko duzu andre zahar konkortu bat, aurpegia Googleren sorginkeriak ezabatua; beharbada, andre hori zure bizilaguna da, edo zen; beharbada, munduaren ziberleiho handi horretan baino ez da bizi dagoeneko: ordenagailu bat sekula ere ukitu ez zuen emakume hura, Google Jainkoaren altzo eternoan izozturik betiko.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa