Nire belaunaldi librea

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2016ko urr. 5a, 15:33

"Dotorezia, jaki fin dekonstruituak, diskoteka eta une negar-eragileak".

Gure gurasoak beren gurasoek behartuta ezkondu ohi ziren maiz, elizan baina bakerotan batzuk, udaletxean beste batzuk, pare bat lagun lekuko huts gisa hartuta... Giro batzuetan bereziki, oso kontu demodé-a zen ezkontzea: ia paper-tramite hutsa. Orain, ezkerreko zein eskuineko, lege-segurtasunagatik soilik ez baizik auto-ohorezko festa hotsandikoen beharrez ezkontzen gara, inork behartu gabe ustez, hain gara-eta libreak: gentleman trajedunak eta printzesa soineko zuridunak. Gorbatak eta takoiak. Eta bodak ez dira bodak, baizik bodorrioak: aurrerantzean mundu honetako pertsona bat zeurea izango dela ospatzeko erritu ikusgarriak. Dotorezia, jaki fin dekonstruituak, diskoteka eta une negar-eragileak suelto. Eta une negar-eragileak sekula santan ez ahazteko, argazki-saioak: zeremoniaren aurretik, zeremonian bertan, eta ondoren (bai, badira postwedding saioak). Jada ezin baita jakin ezkontza bat noiz hasi eta noiz bukatzen den: aurrez, despedida eta asteburu-pasa lagun-kuadrilla bakoitzarekin; eta, gero, estatuak txintxo emandako opor-egunak hartu, eta munduko beste puntara hegazkinez, matrimonioaren eztiak ezin baitira noski pulamentuz dastatu herriko plazako terraza kutrean. 

Barkatuko didazue orokorkeria eta kexakeria, baina izutuxe nago, tradiziorik hertsagarrienak espektakuluaren aroarekin nahastu diren garai honetan. Espantuka bizi da nire belaunaldi librea.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide